“Viaje por el país de los recuerdos” (Jesus Gutierrez)

0    Iritzia 
ETA KITTO ETA KITTO
“Viaje por el país de los recuerdos” (Jesus Gutierrez)
ETA KITTO 2019, Ots 18

Toribio Etxebarria hil zela eta berak egindako liburuen artean oihartzun handiena izan duenak publikatu zela 50 urte betetzen diren honetan Ego Ibarrak lana berrargitaratu du laugarren edizioan. Egilea sasoi hartako eibartar polifazetikoaren prototipo nabarmena da: kezka politiko eta kulturalekin, Eibar maitatuz, internazionalista, Alfako sustatzailea, euskerarekin konprometitua, etb., baina Etxebarria hitz bakar batean definitzekotan humanista deituko nioke.

Ez dut ukatuko aipatutako eremuetan berak izandako lorpenak, Toribio Etxebarria “Errenazimentuko gizakitzat” jotzen duguna zelako. Bere kezkek hainbat arlotan arduratzera eta ikertzera eraman zuten, baina berrargitaratutako lan horretan balore humanistak dira garrantzi gehien hartzen dutenak, bere ideario politiko eta kultur formazioaren gainetik.

Berak kronika kostunbristatzat jotzen zituenek indarra hartu dute denborarekin, XX. mendearen hasierako Eibarren zelan bizitzen zen jakitea ahalbidetzen digun bitxia gure eskuetan jarrita. Baina ez gaitu orduraino eramaten gertaera aipagarrienen bitartez bakarrik; liburuan, bestalde, gertakizunek protagonistak direnekiko lotura estua erakusten dute, eta hor dago bere balio handiena: Eibarko sasoi distiratsuen erdi-erdian pertsonak jartzea.

Toribiok ondo asmatzen du pertsona horiengan oinarritzen denean gertatutakoen zergatia azaltzeko, pertsonak izan zirelako Eibar hainbat arlotan ekintzailetza eta berezitasun eredu. Horri helduz, azpimarratu behar da belaunaldi horretako adierazle handiena Etxebarria bera izanda ere, beste asko izan zirela Eibarrren aurrerapenaren alde egin zutenak. Belaunaldi eredugarri bateko kideak ziren, liburuan hobeto ezagutu ditzakegunak: euren kezka, ardura eta gogoekin… Guztiak ere hainbat arlotan Eibar erreferentea izatera eraman zutenak.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »