Jaione Yeregi
Jaione Yeregi

"Zaindu gaitezen!"

2020/12/21
Azkeneko hilabeteetan zenbat aldiz esan edo entzun ote dugun hauxe: “Nork esango zigun egoera hau biziko genuela!”. Ez zaigu burutik pasa ere egin horrelakorik sekula gerta zitekeenik. Hasiera batean, aste edo hilabete gutxi batzuren kontua izango zelakoan geunden, baina egoera luzatzen ari da. Gabonak gainean ditugu eta ez dakigu noiz arte jarraituko dugun egoera honetan. Argi dakiguna da gure bizitzako urtebete galdu, murriztu edo, gutxienez, egoera berezian bizi izan dugula. Nire ustez epe laburrean ikusiko ditugu murrizketa eta isolamendu hauen ondorioak. Era batean edo bestean, adin guztietako gizakioi eragingo baitigu. Lehenik eta behin, gizartean dagoen edo sartu diguten beldurra ekidin behar dugu. Errespetua izan behar diogu birusari, baina beldurrik ez. Beldurrak izugarri ahultzen digu defentsa-sistema eta denok dakigu defentsa ahulekin errazago gaixotzen garela. Egoera honi aurre egiteko, jende asko hurbiltzen ari zaigu aholku eske. Beraz, esan genezakeena hauxe da:

- Lehenik eta behin, kirola egitea, bakoitzak ahal duen neurrian. Kalera irten eta arnastu. Mendi aldera joaterik izanez gero, askoz hobeto. Sedentarismoa ekidin behar dugu, gure gorputzaren eta buruaren osasunaren mesedetan.

- Ondo lo egin. Ondo deskantsatzea funtsezkoa baita. Egunean 8 bat ordu lo egitea da gomendagarriena.

- Elikadurak ere izugarrizko garrantzia dauka. “Elikagaia zure sendabidea izan dadila”. Elikagaien bitartez, sendatu ez ezik, gaixotu ez gaitezen ere lor dezakegu. Ez dago inongo elikagairik, belarrik... berak soilik sendatzeko ahalmena duenik, elikadura orekatu eta osasuntsu baten parte izan behar du beti. Beraz:

- Prozesatu gabeko elikagaiak jan. Zenbat eta naturalagoak, ekologikoak eta bertakoak izan, orduan eta hobeto.

- Barazkiak, fruituak, zereal integralak, kalitate oneko arraina, okela eta arraultzak. Koipeak ere kalitatezkoak izan daitezela: olibazkoa, haziak, fruitu lehorrak, ahuakatea…

- D eta C bitaminak, selenioa, zinka, omega3 ere hartu beharko genituzke.

- Kurkuma, jengibrea, kanela, polena, ezkaia, shitakea, propolia, ekinazea, barazki-saldak, itsasoko ura, kefirra, txukruta... lagungarriak dira.

- Hidratazio ona izatea ere ezinbestekoa da.

- Alkohola, kafea, esnekiak, azukrea, koipeak, irin finduak ekidin.