Felix Morquecho
"Aitzakiak"
2020/02/11
Eibartarrok puntu gehigarri bat dugula ez dago esaterik (bai, harrokeria modua ON). Gutako bakoitzak ez du ezer egin hori lortzeko, baina 27.000 eta piko bakarrik garela pribilegiatuak argi dugu (eta argi dute adimen askoko kasu batzutan). Aurreko belaunaldiei, abizenei edo RHari ez naiz hasiko begiratzen orain, lasai egon, beste puntu batera ailegatu nahi dut. Topikoetara jota, berehala begiratzen diogu gure historiari eta, eibartarron betiko izaerari erreparatuz, ekintzaile, kementsu, aitzindari eta horrelako hitzak irtengo zaizkigu bat-batean. Berehala jarriko dugu mahai gainean Boj kortxo-kentzekoa, El Casco grapagailua edo Lambretta motorrak, baina azken urteetan beste gaitasun bat lortu dugu eibartarrok. Agian inguruko herrietan ere garatu dute San Blasaren errezeta jaso zuten bezala; baina, zer demontre, guk geure inguruan ezagutu dugu eta horrela azalduko dut. Azken aldian foball partidua dagoenean jende mordoa batzen da kalean. Horietako askok ez dute jakingo ezta nola geratu den Ipurua azken obrak eta gero. Baina, zer demontre! aitzakiak balio badu lagunekin pote batzuk hartzeko, aurrera! Baina, foballa ez dagoenean, zer gertatzen da? Ba akaso eguzkia atera dela asteburu horretan, eta D bitaminaz asetzeko Untzaga plazan jarriko garela, nola ez ba! Eta eguraldi ona ez bada? Ba orduan aterpearen bila joango gara aratosteak badatozelako, plana bilatu dugulako edo, lagunekin elkartzen ez bagara, gutaz jarduten hasiko direlako. Artistak ere izan ditugu hirian, eta bagara artistak aitzakiak bilatzen. Ildo hori bilatu dut baita nik ere zutabea idazteko, eibartarron izaera hartu, jaietatik pasatu, foballa pixka bat bota eta hona hemen emaitza. Gozatu nire aitzakia.