Aitor Buendia
Aitor Buendia

"Aldaketarako menua: bertakoa jan ezazu"

2017/12/18
“Bertakoa jan ezazu, barietate desberdinak jan, sasoiko produktuak jan. Biodibertsitatea funtsezkoa da gure ekosistemaren osasunerako!”. Mezu sutsu hori bidaltzen die Slow Food-ek mundu osoan zehar aldaketa egiteko aukera daukaten (eta daukagun) gizarte mordoei. Kontua da zentzuzko kontsumo bateruntz joatea, ahalik eta produktu lokal eta freskoenekin, sasoikoekin eta pestizida eta ongarri gabekoekin. Modu horretan lagundu dezakegu emisioak gutxitzen, eta, batez ere, nazioarteko komunitateari mezu argi bat bidaltzen: industria-sistema dominantearen aurrean alternatibak nahi ditugu eta ez dugu gehiago itxaron nahi.
Slow Food-ek erronka bat bidali nahi dizu zuri, ...eta kitto!-ko irakurle zaren horri. Egunero kontsumitzen ditugu distantzia luzeak egin dituzten jakiak (lurretik, itsasotik edo airetik); energia kopuru handia kontsumitzen duten produktu ontziratu hoztuak. Batzutan saihetsezina izaten da (kafea eta kakaoa, esate baterako, bakarrik zonalde tropikaletan landu daitezke), baina sarritan etxetik gertu ere aurki ditzakegun janariak izaten dira.
Oso garrantzitsua da maila txikian eta teknika jasangarriekin egindako tokian tokiko produktuei lehentasuna ematea, ingurugiroan klimari eragindako inpaktua arindu ahal izateko. Horretaz gain, tokiko jakiak freskoagoak, onagoak eta osasungarriagoak dira! Horiek aukeratzean energia gutxiago kontsumitzen dugu, jaurtiki gutxiago sortzen ditugu eta hondakin-kopurua txikitzen dugu.
Sasoiko jaki lokalak biodibertsitatearen eta nekazal jarduera jasangarriak aukeratzen dituzten ekoizle txikien ezagutzaren emaitza dira, eta lehen erronka produktu horiek babestea da. “Bertakoa jan ezazu” esloganarekin ahalik eta pertsona gehien inplikazioa lortu nahi dugu, euren etxeetatik hasita keinu sinple bat eskatuz.
Datozen egun hauek oso aproposak dira jaten dugunaren eta zelan elikatzen garenaren gaineko ausnarketa egiteko. Ez dugu jendea agobiatzerik nahi, baizik eta pertsona kontzienteak izan daitezen animatu nahi ditugu. Eman dezagun pausu bat. Urte berri on!