Felix Morquecho
Felix Morquecho

"Antzerkia bizirik, mesedez"

2017/03/22
Hamaika edo hamabi urte nituenean antzezlan bat prestatzea tokatu zitzaigun eskolan. El Quijote-ko atal bat prestatu behar genuen. Karmele andereñoa zuzendari lanetan jarri zen gogo guztiarekin eta han ginen gu, ume moko espresio gabekoak. Hala nola bota genuen gure testua, baina konturatu ez arren, argi geratu zen nire etorkizuna ez zegoela taula gainean. Urte batzuk pasa ziren eta lagun bat Narruzko Zezen taldean sartu zen. Horrela hasi ginen bertara joaten, eta antzezlearen lagunaren nerbioak zer ziren jakiten. Hanka sartuko al du? Zein urduri dagoen! Berriro aterako al da? Laguna aitzakia hartuta, urte haietan antzezlan asko ikusteko aukera izan nuen eta bereziki gogoratzen dut unibertsitate bateko taldeak obra klasiko batekin egindako muntaia. Horri helduta betirako sinistuko dut izenek ez dutela antzezlan bat ona egiten. Egun hauetan Eibarren hainbat proposamen dauzkagu eta zaila da aukeratzea. Badaude izen ezagunak, barre errazak eta arrakasta argiak. Baina badaude konpainia xumeagoak ere, suziriak ez dituztenak baina agian, ordubetez gure bihotza estutuko digutenak. Antzerkiak badauka zerbait berezia pantaila batek ematen ez diguna eta orain guzti hori disfrutatzeko aukera daukagu. Lagun batek esaten duen bezala, erabili dezagun, ez daitezen gure Antzerki Jardunaldiak hildako  polit bilakatu.