Asier Ezenarro
"Armagabetzea"
2017/05/01
"Desarmatze" hitza asko entzun dugu gure herrian azken aldian. Ni ume nintzela ere, 80ko hamarkadan, hitz hori eguneroko gaia zen albistegietan. Ondo gogoratzen ditut Ronald Reaganen gobernuak Europako mendebaldean jarri zituen Pershing II misil nuklearrak Sobietar Batasunari begira, eta Alemanian eta beste herrialdeetan egondako manifestazioak. Apokalipsi atomikoa sahiesteko superpotentzien armagabetzea behar zela entzuten genuen behin eta berriz. Baina Sobietar Batasuna erori zen eta armagabetzeaz hitz egiteari utzi zioten komunikabideek. Zer esan nahi du horrek? Orain arma nuklear gutxiago dagoela munduan? "Gerra Hotzaren" garaian baino segurtasun gehiago dagoela? Ba ez. "Gerra hotzaren" urteetan mendebaldeko komunikabideek gerra psikologikoa eraman zuten aurrera Sobietar Batasuna “arrisku totalitario eta nuklearra” bezala aurkezten. Badakigu, jada, urte horietan Europa mendebaldeko gobernuek, bai kontserbadoreak bai sozialdemokratak, Gladio sarean sartuta egon zirela eta “Stay Behind” ezkutuko gudarosteak prest zeudela Sobietar Batasunaren aurka egiteko alegiazko gatazka batean. Gaur egun ere gerra psikologikoak garrantzizkoa jarraitzen du izaten. Horregatik aurkezten dituzte komunikabideek Iran, Siria eta Ipar Korea mehatxuak izango balira bezala. Zer esango luke Estatu Batuetako gobernuak Mexikotik eta Karibe itsasotik misilak New York eta Washingtonera begira egongo balira? Ba hori da, hain zuzen ere, Estatu Batuek beste herriekin egiten dutena.