Felix Morquecho
Felix Morquecho

“Ba al dakizu zer den?”

2016/05/20
Gaur Armeria Eskolan egon naiz eta bertan ondokoari mobila hasi zaio musikan. "Ba al dakizu zer den?". Jakin ez ba, Lizartzako Gaiteroak ziren. Haien soinuak berehala ekarri dit burura ekainaren 23a Estaziño kalean. Bertan ikusi ditut musikariak urtero urtero, mende honetako San Juan bezpera guztietan. Horretaz pentsatzean ilusioa sortzen zait, eta nekea ere. Maiatzean Eibarren ez dira loreak bakarrik ugaritzen. Hilabete hotzetan prestatutako ekitaldi guztiak forma hartzen hasten dira. 'Depor'eko presidente berriak (listoia altua utzi diote, bai) aktibitate pila zeuzkatela azaltzen zuen orain dela gutxi: argazkilariak jo ta su, Euskal Jaia gainean... Horretaz gain, jaiak azaltzen dira non nahi, Urkizun Galiziako Etxea, Santa Kruz-en gauza berriak ospatuz, Urkiko jaietako lasterketako kartelak kalean daude jada... Eta bata eta bestearen artean Eibarko kaleen abiada handituz eta handituz doaz. "Ba al dakizu zer den musika hau?" besteak. 'Marmotaren eguna' filman bezala, pentsatu baino lehen bertan izango gara berriro gaiteroen zain, urte bat zaharragoak, hori bai. Ordurako balantzari nekea kenduko diogu eta ilusioz joango gara, argazki desberdinen bila aurten. Nekeak etorriko dira gero baina gozatu dezagun momentua, iraganeko beste argazkitxo batean bihurtu baino lehen.