Ekhi Belar
Ekhi Belar

"Bakea gurekin"

2018/05/27
Nire askatasuna arriskuan jartzen dut goizero. Kafea hartzen dudan bitartean Twiterren sartzeko ohitura daukat eta esnaera txarrekoa naizenez munduaren kontra jartzen naiz. Fiskaltza nahiko lanpetuta dabil iritzia emateagatik jendea epaitzen eta espero dut nire horman ez erreparatzea. Gehienetan esnatu berriko umore txarra okertzen zait eta noizean behin barrea eragiten dizkidaten gauzak aurkitzen ditut txiolandian. “Bundesligako arbitro batek 32. minutuan eman zuen amaitutzat partidua”. Antza denez mozkortuta zegoen, ardo gehiegi edanda edo. Zenbat aldiz bota izan dut faltan horrelako epaile bat Ipuruan. Ardoarekin jarraituz, edo kristoren odolarekin, “Elizara joateak bizitza luzatzen du” titularra irakurri nuen beste txio batean. Ez dut ondo ulertzen zer esan nahi duen. Elizara joaten bazara, gehiago bizi zara? Edo elizara joanez gero oso luzea egiten zaizu bizitza? Ni ez naiz elizazalea, ateoa naiz, baina erlijioarekin harreman estua bizi dut azken urteotan. Hemen, nire inguruan behintzat, erlijioaren presentzia ia hutsala bada ere, atzerrian berebiziko kontua dela ikusi dut. Sentimendu erlijiosoa oso barrenean darama nire familia politikoak (zeinen izen zatarra) eta guztiz aurkako iritziak eduki arren, errespetuz onartzen ditugu batak bestearen pentsaerak. Arlo pribatuan salbu gaude (momentuz), baina nik esaten ditudan gauzen antzekoak publikoan esateagatik epaitu nahi dute Willy Toledo aktorea. Sentimendu erlijiosoaren aurkako delituagatik birritan deitu dute epaiketara, baina ez da aurkeztu. Jaungoikoa ere ez.