Ekhi Belar
Ekhi Belar

"Neguko eguzkia"

2023/01/16
Oraindik ez du hotz larregirik egin, baina zeinen gustora hartzen dudan eguzkia neguan. Sentsazio atsegina da beroa sentitzea hotza eduki beharko zenukeen momentuan. Atsegina da, udako euri epelarekin busti-busti eginda inolako ardurarik gabe ortozik ibiltzea bezala. Edo itsasoan bainua biluzik hartzea. Eta gero eguzkia. Buelta eman. Lo hartu. Eta bainua berriz ere. Birra bat? Bai, mesedez.

Plazer txikiak. Gauean zaratarik egiten ez duen bizilaguna edukitzea moduan. Kaixo Txetxu. Edo bixamonik gabeko gau zoroa bezala. Are hobeago, ahaldurarik gabeko gau zoroa. Bizitzan zehar ordaindu beharreko bidesariak dira. Egin beharreko bekatuak. Nola egin aurre, bestela, eguneroko nagitasunari? Edo ez zinateke txokolatez lepo jarriko plater triste bat bazkaldu ostean? Zenbat aldiz gorrotatu duzu Instagramen bere bizitza zoragarria erakusten duen mozolo hori? Eta ez al duzu lizunkeriatan pentsatzen behar ez den momentuan? Elizan? Jaungoikoa! Ez dut Jainkoan sinesten, baina ez dut infernura joan nahi.

Honek abesti kutre baten letra dirudi, baina egin ditut gauza narrasagoak. Eta egingo ditut gehiago oraindik. Burura datorkizkidan lehen gauzak besterik ez dira. Filtrorik gabeko gogoetak. Aurrera begiratzen jarraitzeko bota beharreko hormak. Nola ikusiko dugu, bestela, zerumuga? Nola ikusi zilar printzak? (begi-keinua) Behar dut hortzmuga ikusi. Eta hara heltzeko bidea. Bidea aurkitzeko mapa. Mapa margotzeko tinta. Tinta txinatarra. Bidea egiteko indarra. Eta, indarra hartzeko, neguko eguzkia.