Asier Ezenarro
Asier Ezenarro

"Biblia Anoetan"

2016/03/11
Aurreko domekan, etxera itzultzerakoan, emakume bat ikusi nuen banketxe bateko atean etzanda, kartoiez inguratuta. Maizegi ikusten den irudia estatuko hirietan. Pobrezia igo eta igo dihardu. Negu gogorra da familia askorentzat eta kalean bizi direnentzat, eguraldi aldetik negu eztitsua izan arren.
Zapatuan Donostiara joan nintzen, euripean, Anoetako belodromoan sartzeko asmoarekin, ekitaldi politikoa zela-eta. Azkenean inguruan geratu ginen asko.Ekitaldian Arnaldo Otegik hitz egin zuen. Jose Maria Aznarri erantzunez. Presidente-ohiak adierazpenak eginak zituen, “sasi iragarleak” salatuz. Akusazio hori Otegirentzat zen, noski, eta Elgoibarko politikariak Bibliatik ateratako hitzekin erantzun zion, Lukasen ebangelioan Jesukristok esandakoarekin: “Ni behartsuei ebangelioa jakinaraztera nator, askatasuna presoei eta zapalduei iragartzeko”.
Lehen aldiz entzun dira Bibliako hitzak  Anoetan horrelako ekitaldi batean. AEB-etan oso ohikoak dira Jainkoaren eta erlijioaren inguruko aipamen publikoak egitea hauteskunde kanpainetan. Espainiako historian ere gertuko kontuak dira nazionalkatolizismoa eta "komunismoarean aurkako gurutzada". Baina Lukasen ebangeliotik entzundakoa beste jainkoren batena zan. Ez Bushena eta ez Aznarrena: zapalduen eta behartsuen jainkoarena baizik. Jon Sobrino teologo jesuitak azpimarratzen duenez, boterearentzat “Nazareteko Jesus nahaspilaria da. Jainkoak askoz gutxiago kexarazten du”.
Orain dabiltza berriro Aznarren aldekoak, bankuak, botere ekonomikoak, troikak eta enparauek Espainako eredu ekonomikoa luzatu nahian, giza hondamena ekarri duen eredua babesten. Zer axola Aznarri, eta bera bezalakoak direnei, langileen eta behartsuen egoera? Zer axola zaie dirutan lasai bizi direnei langileen etorkizuna? Eta gu, eibartarrok? Noiz irtengo dugu kalera? Gure futbol taldeak 1. mailara igotzen duenean kenduta esan nahi dut!