Ekhi Belar
Ekhi Belar

"Datorren astean San Mamesera"

2018/01/21
Olentzerok Eibar San Mamesen ikusteko sarrera ekarri zidan eta datorren astean joango naiz Katedralera. Bilbao Athleticen aurka horrelako zelai batean jokatzea 1. mailan aritzetik hurbilena da guretzat. Eskurza, Larrazabal eta beste lehoi-kume batzuk ikusi ditut Kirolez Kirolen, eta onak dira. Eibarren partiduaren laburpena ez zuten eman, bideoa ez omen zelako iritsi. Beti berdin. Amarekin eta soziedadeko lagun batzuekin joango naiz trenean. Gurean Peña Rodriguezekoak dira. Aitari ez zaio futbola asko gustatzen, nahiago du mendira joatea, eta amarekin joaten naiz Ipuruara. Laster Espanyol etorriko da eta N’kono ikusteko aukera izango dut. Ez da nire egun berean urteak betetzen dituelako bakarrik, oso ona delako eta praka luzeekin jokatzen duelako gustatzen zait. Garmendia ere berezia da niretzat, ez pentsa. Beste egunean penaltia sartu nion Garmendiari. Utzi egingo zen? Nire lagun Jonekin sarritan joaten naiz Anexora, eta bere aita presidentea denez Eibarko jokalariak bere lagunak dira eta eurekin jolasten dugu. Taldean ez dago atzerritarrik, baina Ipurua parean bizi naizenez leihoan egoten naiz partidu egunetan, eta arerioen busa heltzen denean nortzuk etortzen diren ikusten dut. Atzerritarrik badago, beldurra! Onak izaten dira. Azken finean meritu handia dauka Eibarrek. Bigarren mailan egotea asko da guretzat. Berez egokitzen zaiguna baino gehiago. Beti sufritzen gabiltza, baina azken momentuan salbatzea lortzen dugu. Aurten zaila izango da, azkenak goaz orain, baina normaltzat hartu behar dugu. Gozatu dezagun!