Felix Morquecho
Felix Morquecho

"Eibar eta Sarajevo"

2017/06/01
Eibarko Udaletxeak, eraikinak berak, gerra pairatu zuen orain dela 80 urte. Segun eta zertarako denbora gehiegi izan daiteke, aitona-amonen garaietako kontuak. Gainera, min egin duten gai horiek ixilean eramaten ikasi zuten beraiek, eta gu zauririk gabe hazi gara, zuri. Orain dela gutxi hasi ginen galdetzen eta jakin genuen zer gertatu zen hemen bertan, belaunaldi pare batera. Orain Udaletxeak beste gerra bat gordetzen du bere baitan. Barruko patioan, Gervasio Sánchez argazkilariak egindako irudiek osatzen dute 'Sarajevo, gerra eta bakea' erakusketa. Gerra horrekin kilometro gehiago ditugu, baina urte gutxiago. Borroken tartean bere burua ikusi zutenak bizirik daude kasu batzuetan eta kazetariak beraien historiak irudiz azaldu ditu, nahiz eta beste batzuetan hilerrietan bukatzen diren, gerrek pertsonak hil egiten dituztelako, ezin ahaztu. Sarajevon jendea europar erara janzten zen, eraikinak modernoak ziren batzutan, klasikoak bestetan, edozein hiriburutan bezala. Baina eszenatoki horretan gerrak bere krudeltasun osoz bizi izan zuten. Ikasi nahi badugu begiak ireki behar ditugu, bai orain dela 80 urte gertatukoari, bai orain dela 20, bai orain bertan gertatzen ari denari. Min egin arren.