Felix Morquecho
"Erlijio berri bat"
2018/03/18
"Erlijio berri bat osatuko dut" esan nuen. Ez dut ondo gogoratzen zeri buruz ari ginen egun hartan. Gurasoen arteko solasaldian, ume batzuk jaunartzea egingo zutela... eta hortik abiatuta tontakeriak esatera tarte eskasa dago. "…eta kitto!-ko zutabea tokatzen zaizunean erlijio berri horrena idatzi ezazu" bota zidan batek. Eta horrek honaino ekarri nau. Zer eskatuko nioke erlijio berri bati? Utzi ditzagun alde batera superaitasantu-mafiosu izatearena (bai, horixe da egun hartan pentsatu genuen lehena). Ea, itxurakeriak ere alde batera utziko ditut, nahiko 'postureo' daukagu egunero moda berriak asmatzeko. Denboraz ere larri nabil, orduan ez mezarik eta ez horrelakorik. Orduan, zer jarriko diogu erlijio honi? Zuzena izatea? Beno, ez da hasiera txarra. Nire erlijiokideak zuzenak izan beharko dira egiten duten gauzetan. Ondokoa errespetatu, ahal den neurrian besteak lagundu, inguruan ditugun guztien alde egin, nahiz eta hori ez izan niri gehien komeni zaidana. Errezorik? Eh! Denboraz larri gabiltzala eta zutabea bukatzen ari dela. Orduan esandakoarekin geratuko naiz, baina pixkatxo bat begiratuta zer eskatu dudan, zein izango da nire erlijio berri honen izena? Erraza, hiritar txukuna. Ea ba, izen ematea laster irekiko dugu.