Iratxe Vazquez
Iratxe Vazquez

"Erlijioa ikasgai Euskal Eskola Publikoan"

2017/10/10
Oraingo honetan eztabaida handia eta sentimendu kontrajarriak sortzen dituen gai batekin nator: erlijio katolikoa ikasgai izatea Euskal Eskola Publikoan.
1978ko Konstituzioa geroztik, Espainiako Estatua laikoa izan beharko luke (ez konfesionala bederen), hau da: inongo erlijiorik ez luke estatu mailakoa izan behar, osterantzean erlijio-instituzioek estatuaren aginte organoetan (judiziala, exekutiboa, legegilea) zeresana izango lukete… Frankoren garaian bezala adibidez, non Elizak diseinatzen zuen hezkuntza sistema oso osorik. Ziur gure aitona-amonek ondo gogoan izango dituztela garai horietako “doktrinak”.
Zoritxarrez Konstituzioak dioena ez da egun praktikara eramaten. Besteak beste, 1978ko Konstituzioa onartu eta hilabetera, ezkutuan, Espainiako estatuak eta Vaticanoak, beste inoren parte-hartzerik gabe sinatutako konkordatuan oinarrituta, Elizak inposatu egin zuelako erlijio katolikoa beste ikasgaien (historia, matematika…) pare izatea; ez hori bakarrik, 1. eta 2. hezkuntzan ikasgaia derrigorrez ematera behartzen du Estatua. Gutxi balitz, irakasleak, nahiz eta administrazio publikoak aukeratu, Eliza berak proposatutako poltsa batetik aukeratzen dira, eta ikasgaiaren curriculuma Elizak berak diseinatzen du.
LOMCE legeak hori guztia praktikara eraman besterik ez du egin. Erlijio katolikoaren ikasgaiak beste ikasgaien pare jarri du, espedienterako konputatzen du, literaturak edo biologiak beste (ikasgaira apuntatzen diren ikasle kopuruak gora egin du). Ikasgaiak baloratu egiten du ikasleak errezatzen edo otoi egiten jakitea adibidez.
Gaia oraindik nabariagoa da Kontzertatuak diren zentroetan, non normala den ikustea kristau erlijioaren inguruko sinboloak, edota derrigor izatea ikasleak zeremonietara joan behar izatea. Ezin ahaztu zentro hauen aurrekontuaren zati handi bat diru publikoa dela, hortaz, administrazio publikoen printzipio berdinak bete beharko lituzkete. Hala ere, Kontzertatuen gaia beste baterako utziko dugu...
Horiek horrela, Euskal Eskola Publikoak laikoa izan behar du. Kultura, jatorri, sinesmen eta ideologia guztietako kideak ordezkatuta senti daitezen eta inork bere burua baztertuta ikus ez dezan. Norbanakoen eta kolektiboen arteko ezberdintasun kultural eta erlijiosoak orekatzea Hezkuntza Publikoaren egitekoa eta ardura da, elkarbizitza abiagunean jarrita, kultur aniztasunaren balioa eta aberastasuna ikasleei, irakasleei eta gurasoei helaraziz. Horretarako beharrezkoak diren unitate didaktikoak eta integrazio programak landu beharko dira eskolan.
Euskal Eskola Publikoan erlijioak ez du ikasgai izan behar. Berdintasunean, elkartasunean eta justizian oinarritutako gizarte bat lortzeko bidean eskola publikoak integratzailea izan behar du, inor ez da baztertuko arrazoi ekonomikoengatik, sexuagatik, erlijioagatik, pentsamenduagatik, kulturagatik eta adinagatik. Ikasle guztiak berdintasunean heziko dituen eskola baten alde bainago.
Erlijio guztiak, katolikoa barne, eskolatik kanpo landu beharko lirateke, fede edo doktrina bezala lantzen diren heinean. Soilik kultura historiko baten ikuspuntutik dute kabida. Eskolak biltzeko gunea izan behar du, erlijioak edo bestelako sinesmenek sor lezaketen banaketarik gabe.