Iratxe Vazquez
Iratxe Vazquez

"Udarako etxeko lanak, bai edo ez?"

2017/07/10
Uda hastea batzuentzako eskola oporren sinonimoa da! Hemendik aurrera ohikoa izango da eguneko momentu oro kalean adin guztietako umeak eta nerabeak ikustea. Aste batzuetan zehar, behintzat, ez gara egongo ordutegien menpe eta egun luzeez gozatu ahal izango dugu. Egun hauetan ere eskola askok fitxak edo opor-liburuak bidaltzen dituzte. Sasoi honetan liburu-dendak beteta daude!
Ume askorentzat fitxa bat egitea edo opor-liburuko orrialde bat egitea jarduera polita eta entretenigarria da, beraz, gustura aritzen dira sinonimoak bilatzen edo buruketak ebazten. Baina, beste ume batzuentzat, eta euren gurasoentzat, udako eskola zereginak, irailean entregatu beharrekoak, amets gaizto bihurtzen dira.
Aita! Ama! Zure etxeko egoera hau bada, proposamen desegoki batekin nator: ez derrigortu zure seme-alaba etxeko lanak egitera!
Gustura egiten baditu, ados! Baina, fitxa bat egin behar duela edo liburua irakurri behar duela esaten diozun bakoitzean, erabat gogoz kontra egiten baldin badu, argi dago ez diola inongo etekin akademikorik eta emozionalik aterako.
Honaino irakurrita, gutxienez bi galdera izango dituzu:
1. Baina ikasitakoa ez zaio ahaztuko? Ez du errepasatzeko beharrik?
Jakina, ikasitakoaren zati bat ahaztu egingo zaio, baina ez bakarrik uda honetan, bizitzan zehar ere ikasten duen guztia galtzen joango da (helduak eskolan ikasi genuen guztiarekin gogoratzen gara?) Beraz, lasai hartuko dugu! Ikasten duguna praktikan jartzen ez badugu galdu egiten da.
Baina ikasteko gogoak, gauza berriak ezagutzeko nahiak edo/ eta proiektu pertsonalak garatzeko desioak, bai mantentzen dira, udan eta bizitzan zehar. Beraz, martxan jarri ditzazkegu!
Diseinatu ezazu zerrenda bat, zure txikiarekin egin ditzakezun jokoekin, irteerekin… eta ikusiko duzu udak ematen dituen ikasteko aukera guztiak! Ez dira ideia sofistikatuak izan behar. Adibidez, hondartzara baldin bazoazte eta umea hondarrarekin aritzen bada, maskorrak eta harriak batzen baditu, uretan txipli-txaplan baldin badabil, tunelak edo gazteluak eraikitzen baditu…artea, gorputz-hezkuntza, matematika eta ingurunearen ezaguera lantzen egongo da. Baina, batez ere, sozializazioa, jarrerak eta harremanak garatuko ditu.
Uste dut ikuspuntua aldatu behar dela. Kontziente izan behar gara umeak une oro ikasten ari direla.
2. Eta irakaslearekin, zer?
Jada, proposamen desegokia dela esan dizuet! Nik irakaslearekin hitz egingo nuke eta nire printzipio pedagogikoak eta heztekoak adieraziko nizkiola. Era berean, udako planen zerrenda erakutsiko nion eta hauek guztiak nire txikiaren garapen akademikoan eta emozionalean izango duten eragin positiboak erakutsiko nizkioke.
Hemen nire iritzia. Zurea zein da? Etxeko lanekin edo gabe, ondo pasa oporrak, gozatu zure seme-alabekin eta izan zoriontsu!