Iratxe Vazquez
Iratxe Vazquez

"Eskoletan baratza bai ala bai!"

2017/12/14
Gaur egungo bizimoduarekin askotan ahaztu egiten dugu janaria nondik datorren, nork edo nola ekoizten den. Badirudi esnea “tetrabrik” batetik datorrela, behien errapetatik baino. Gure arbasoek Lurrarekin zuten lotura estua galtzen dihardugu. Horrela jarraituz gero, elikagaien jatorria ahazteaz gain hauek ekoizteko jakituria ere galduko dugu. Txinako esaera zahar batek dioen bezala, egun batez zoriontsua izatea nahi baduzu, mozkortu zaitez; urte betez izatea nahi baduzu, ezkondu zaitez, baina bizitza osorako zoriontsua izatea nahi baduzu, landu baratza bat.
Eskola-baratzea baliabide bikaina da ikasleek euren natur eta giza inguruneari buruzko esperientzia anitz bizi ditzaten: ingurunearekin ditugun menpekotasun eta harremanak ulertzeko; ingurugiroa zaintzeko; eta ingurugiroaz arduratzeko jarrerak eta ohiturak praktikan jartzeko. Janaria lortzeko prozesuan, ortua tresna paregabea da gure natur baliabideek duten garrantzia bertatik bertara ikusteko. Ortuaz baliatuz bi xede lortzen dira: alde batetik, ingurumena errespetatzen ikasiko dugu (ura, lurra, haziak…). Bestetik, baliabide horiek munduko herri guztien eskura egotea beharrezkoa dela ulertuko da munduan gosetearekin bukatzeko. Ortua, nekazaritza praktikan jartzeko erabiliko da (haziak nola eskuratu, nola gorde, non erein edo landatu, jakiak nola prestatu…). Izan ere, jakien inguruan belaunaldiz-belaunaldi transmititu diren ezagutzak eta ohiturak berreskuratuko dira. Horrela, guraso, aitona-amona, irakasle eta haurren arteko elkarlana sustatuko da.
Jakin badakigu elikadura osasuntsu baten garrantzia errazago ulertuko dela norberak bere janaria ekoizten badu. Modu horretan, haurrek hobeto ulertuko dituzte nekazari eta landa-inguru bizien garrantzia, eta eredu globalizatu neoliberalak bultzatzen duen sistema produktibista intentsiboak sortzen dituen arazoak. Horien berri ez izatea nahiko arrunta baita ( batez ere, hirietan bizi direnean). Jakin badakigu, giro hiritarrak bizkarra ematen diela landa eremuari eta lehen sektoreko jarduerei. Hau horrela izanda, bere biziko garrantzia dauka eskola baratza proiektuak. Dagoeneko, Gipuzkoako hainbat eskoletan martxan dago. Hala ere, hasitako bideak benetako konpromisoa eta bultzada behar du, guztiona: aiton-amonena beraiek baitute ezagutza, gurasoena elikadura osasuntsu bat eredu izaten eta, administrazioarena proiektua behar dituen baliabideak eskura jarriz. Izan ere, ongi janez salbatuko dugu Lurra (Perico Legasse).