Enrike Sosola
Enrike Sosola

"Errebalgo merkatua zertarako?"

2020/06/16
Mari Jose Barrundi baserrikoa da, Maribi Altzubarrenekoa, Mariasun Mendigoittikoa eta Idoia Gisasolakoa. Laurak ia egunero merkatu-plazan ikusiko dituzu etxeko mozkinak saltzeko esperantzan. Bai, egunero, domeka kenduta. Baserritar ekoizleak dira. Lurra landuz, zainduz, gobernatuz elikagaiak sortu eta herritarrei eskaintzen dizkiete. Euren mozkinak zuzenean saltzen dituzten lurraren beharginak dira.

Gerra-ostean eraikitako merkatu-plaza zaharra bota ondoren, gero eta  “provisional para siempre” itxura gehiago hartu duen Rialtoko behin-behinekoan daude azken urte luzeegietan, Eibarko zein inguruko beste hainbat baserritarrekin batera. Bere eskasean, Eibarko plaza modukorik gutxi direla konturatu ote gara halakoren batean…

Errebalgo plaza berriaren lanak aurrera doaz. Baserritar ekoizleek ere bere lekua izango omen dute bertan.  2019ko urrian, udaletxean eginiko batzar irekia egin zen hainbat merkatu-plazen ordezkariak gonbidatu eta plaza-eredua aukeratzeko asmoarekin. Errenteria, Donostia, Azpeitia, Gasteiz eta Bilboko ordezkariak bat etorri ziren: merkatu-plazaren arrakasta bere izaera tradizionalari eustean datza.

Ekitaldi hartatik deigarri egin zitzaidan Bilboko La Ribera Merkatuko gerenteak bota zigun galdera zirikatzaile eta pertinentea: “Eibarren duzuen merkataritza eskaintza harrigarri oparoarekin zertarako behar duzue merkatu-plaza bat?” Alegia, zein premia asetzera dator merkatalgune publiko bat Eibarren?

Honatx erantzungo niokeena denbora eta ausardia pixka bat izan banu Eibarko Udaleko Batzar Aretoko jesarlekutik:
1. Baserriko ekonomiak premiazkoa du merkatu plaza. Zuzeneko salmentak errentagarritasuna hobetzen du, lanpostuak sortu ditzake eta sektorea gaztetu, biziberritu. Beraz, landa-garapenerako elementu funtsezkoa da.
2. Trantsizio ekologikoa, Agenda 21, klima-aldaketa bolo-bolo dabiltzala eta pandemiak zaplastekoa eman digun honetan, inoiz baino beharrezkoagoa dugu kontsumo-ereduaz eta elikadura osasuntsuaz pedagogia eta sentsibilizazio-lana egingo duen gunea. XXI. mendeko plazak horretarako erreminta eraginkorrak izan litezke. Europako herrialde aurreratuenetan horrelako guneak modernitatearen ikur dira, inola ere ez zerbait zaharkunoa.
3. Duintasunagatik. Eibar beharginen herri aurrerakoiak  ezin ditu Marijose, Maribi, Mariasun, Idoia eta beste lurraren langileak lan-baldintza hain kaxkarretan egotea onartu. Premiazkoa da  errekonozimendua.  Hainbeste urtetan, mendeetan, eibartarrak elikatzea lanbidea izan duten nekazari baztertu eta ahaztuekin egindako zorraren zati txiki bat kitatzeko gutxienez.

Aukera bikaina dugu. Ez dezagula pasatzen laga.