Enrike Sosola
Enrike Sosola

"Euskadi, auzolana ala auzo-lana?"

2018/05/14
Auzolanean  dabilena berarentzat eta auzoarentzat ari da. Premiak bultzatutako elkarlanean dihardu, inola ez debaldeko lanean. Baserritarrok betidanik erabili izan duguna bizirauteko: basotik egurra etxeratzeko, suak erretako etxeak berreraikitzeko, uztak jasotzeko, bideak egin eta garbitzeko,  mozkinak saltzeko,...  Elkarlanari esker denontzako onura dakarren aintzinako ohitura eta oraindik errotuta dagoena.  Baina gurean ere izan ohi da ardi-beltzik, nola ez. Auzo-lanean (etzanekin) dabilena da hau, auzoaren bizkarretik. Disimulatzeko egingo du gogor dabilenaren  plantatxoa bere alferkeria agerian gera ez dadin, itxurakerian. Hori bai, esan eta esan jardungo du etengabe auzolanaren aldekoa dela. Lan kolektiboaren horren emaitzak bere egingo ditu jakina. Eta nola ez, aurrerapenik  lortu ezean, “esaten nuen ba nik hori ez zela bidea” botako du ozen.
Mediterraneo aldean bizirauteko  agintekeriari aurre egiten lanean ari dira jator. Bitartean, lehiazale sutsu diren hedabide handi zorperatuei hain mesedegarri zaien marketing-kanpainako leloa lelo,  zertan gabiltza gu haiekin, auzolanean ala auzo-lanean?