Arantza Mata
Arantza Mata

"Familia eta eskola"

2019/12/18
Heziketa kontuetan, ardura gehiegi eman zaizkio irakasleei eta eskolari. Izan ere, heziketaren ardura nagusia familiarena dela argi  dago, eta irakasleak eta eskola heziketa-bide horretan bidelagun garrantzitsuak direla; baina neurri batean soilik, berriro diot parte garrantzitsuena familiari dagokiola. Bestalde, ikasleen onurarako ezinbestekoa da gurasoak eta eskola elkarrekin aritzea, bien artean harreman osasuntsua izatea eta elkarrekintza eta kolaborazioa zaintzea eta sustatzea.

Halaber, familiak gero eta anitzagoak dira. Familia aniztasun honek aberastu egiten du prozesua, eta aldi berean zaildu. Eskola ere, oso konplexua da, ikastetxe bakoitzak bere ezaugarriak eta berezitasunak baititu, antolaketa, ohiturak, proiektuak, azpiegitura…. Eskolak, familien aniztasun hori onartzen eta aurreiritzirik gabe jokatzen ikasi behar du, familia bakoitza eta ikasle bakoitza ezberdina dela ahaztu gabe.

Hots, bi instituzio konplexu hauen arteko harremana kontu handiz zaindu behar dugu, arlo guztietan nola ez, ikasleen konpetentziak hobetzea nahi baldin baditugu.

Era berean, ez da erraza izaten harreman hori zaintzean, batzuetan familiak beldurra baitio eskolara gerturatzeari, eta, beste batzuetan, eskolak ere zenbait familiarengana hurbiltzeko beldurra izaten du. Honek, hausnarketarako bidea eman beharko liguke eta esfortzu bat egitea eskatu, bidea bien arteko kolaborazio, parte-hartze eta elkarlana ezinbestekoak baitira bide luze honetan.

Aitzitik, bai eskolak, bai familiak mugak dituztela izan behar da kontuan batetik, eta, bestetik, ezin dugu ahaztu hedabideak, inguru sozialak, eskolaz kanpoko ekintzek, aisialdiak, Eskola Kirolak… ere badutela ikasleen heziketarengan eragina. Norberak bere esparruan, ahalik eta ongien hezitu behar ditu umeak, norberaren mugak gainditzen saiatuz eta guztion elkarlana bilatuz, neska-mutikoen heziketa guztiona izatea lortu nahi bada. Eskola zenbat eta gehiago ezagutu orduan eta konfiantza gehiago sentituko dute familiek, gurasoek, baita gertutasun-sentsazioa ere. Horrelakoetan eskolarekiko jarrera baikorragoa izaten du. Ondorioz, eskolak familiak gehiago eta hobeto ezagutuko ditu eta horien premiak ezagutu, eta premia horiei erantzun nahian motibatuagoak arituko dira. Guzti horrek, ikasleen heziketa modu oso aberasgarrian eragiten du.

Guztiok jarrera positiboa izatea ezinbestekoa da, eta egoera errealak ahalik eta ongien ezagutzea abiapuntua. Beraz, elkar ezagutzea da bidea eta ezinbestekoa konfiantza-giroa.