Imanol Magro
Imanol Magro

"Familiarik gabeko etxeak"

2017/03/31
Aurreko astean etxegabetze bat egon zen Eibarren. Edo, beste modu batera esanda, familia bat kale gorrian gelditu zen San Juan kalean. Etxegabetxearen unearen bideoa bueltaka ibili zen whatssap multzo eta sare sozialetan. Ahaztuta genituela uste genuen irudiak ziren: liskarra, pankarta, poliziak atean… Sare sozialetako bertsioen arabera, alokairua ordaindu ezin zuen familia bat zen, eta azken unean diruaren zati handi bat biltzeko ahalegina egin ondoren, kaleratzea saihestu ezin ahal izan zuena. “Eta etxearen jabea zu bazina, zer egingo zenuke?”, galdetu dit nire tristura azaldu diodan bakoitzari. Etxearen jabeak bere eskubideak ditu, baina eskuzabalagoa nintzatekela uste dut. Hala ere, ondorioa garbia da: etxerik gabeko familia, eta familiarik gabeko etxe bana gehiago.
Eibar Hiri Guziz Eredugarria dela dio armarriak. Guziz eredugarria bai, eta ehundaka etxe huts dituena ere bai. Sozialismoa eta elkartasunaren bandera hartu dugu maiz gure iraganera begiratzean; “errepublikia”, badakizu. Baina etxe huts kopuruak, eta alokairuen prezio altuek, gure hirien lotsak azaleratzen ditu. Teilatu bat edukitzea oinarrizkoa da bizitza autonomo bat egiteko, eta errealitateak erakusten digu etxegabetzeak oraindik hor daudela, erdi ezkutuan, baina hor. Hainbeste etxe huts egotea hiriak bere gain onar ez dezakeen luxu bat da, eta biztanleak irtetera behartzen ditu. Txiroenak euren etxeetatik, eta gazteak hiritik bertatik.