Felix Morquecho
"Ez dago hitzik"
2016/09/30
Agian oraindik nahastuta egongo zarete joan den igandean hausteskundeak izan direla eta. Zenbat paper ziren oraingoan, bat edo bi? Eta zerbait idatzi behar zen edo ixak jarri...? Herri nahasia da gurea eta batez ere Eibarren, badakizue, boto gorria udalarako, berde argia Europan, berde iluna EAEn eta morea Madrilerako... edo aldrebes al zen? Hain herri zaila daukagu zer lagun batek esan zidan "hauei eman diet botoa, baina pozten naiz horrenbesteko emaitzarik atera ez izanaz, ez daitezela harroegi jarri". Horregatik proposamen bat egingo dut datozen botazioetarako. Ikusita buruhaustea, ondo legoke gure botoa zatituta emateko aukera izatea. Adibidez: %20 hauei emateko aukera edukiko nuke, oso jatorra baita hautagaia, beste %10 betikoei hain gaizki egin ez dutelako, %30 plataforma txiki horri ea ustekabean gobernuan sartzen den, eta beste %40 ba... ez dakit, hausnarketa egunerako utziko dut oraingoz. Sistema hau guztiz iraultzailea izango litzateke eta aldi berean sekulako kakanastea sortuko luke zenbaketa egiterakoan, pentsa, astebete emaitzen zain. Ondo pentsatuta hobe proposamenik ez botatzea, badaezpada norbaiti kasu egiteko tentazioa sartzen zaion. Dena dela, sistema aldatzekotan hobe denon artean aukeratzea, ezta? Beste hauteskunde batzuk horretarako? Ea ba, botatzera joateagatik ez da izango!