Enrike Sosola
Enrike Sosola

“Gero eta gehiago gustatzen zait Eibar”

2017/02/24
Halaxe zioen euskal idazle kontsagratuenak aurreko astean irrati publikoan. Feministen borrokaz ari zela, Eibarko emakumeak bozka-eskubidea izaten lehenengoak izan zirela aipatu zuen, zehazki 1933ko hauteskundeetan. Errepublikako banderarena gutxi ez eta honetan ere pioneroak. Bejondeigula. Baina ez gaitezen lotan geratu. Eibar-marka etengabe elikatu beharra dugu lehen ere langa altu egon arren. Eta nik honakoan proposamen batekin natorkizue:
Klima-Aldaketa eta petrolioaren menpeko garaietan murgilduta gaude. Energi iturri berriztagarrien aldeko hautua egiteko unea datorkigu, bai ala bai.  Hasi beharrean gaude honetaz hitzegiten eta  aktuatzen.  Arrate, Akondia eta Santakrutz-eko Plan Berezia lantzen ari da egunotan, bertako ondare naturala zaindu eta babesteko asmoarekin. Aukera paregabea arazo honi heldu eta lanean hasteko, gizakion jokaeraren printzipio oinarrizkoari erreparatuz: “erabilgarri ez zaiguna ez dugu zaintzen ez eta babesten”. Horregatik, mendiaren kudeaketa egokia lortu behar dugu babesa/ustiapena bikotea iraunkortzeko.
Lur-jabe, naturzale eta erakundeak elkartuz, gure mendietako egurra baloratzeko ekimena landuko bagenu? Biomasaren aldeko hautu estrategikoa hartu eta  eskualde mailako energía berriztagarri horniketa publikoa sortuko bagenu? Txorakeria? Ur-horniketa publikoa bezain oinarrizkoa ez al da energiarena?
Trantzisio energetikoaren ildoan, bide-urratzaile izaten jarraitzeko parada ezinhobea daukagu parean. Baita gure autoestimuari hortxe goian eusteko parada historikoa ere.