Jon Mikel Mujika
Jon Mikel Mujika

"Gure San Martina"

2016/11/11
Egiazko negua, San Martinetan hasten” dio esaera zaharrak, eta ez dabil oso oker. Baserriko bizimodutik datorren ohitura da San Martin egunarena. Egun honen inguruan, urte osoan zehar etxean gizendutako zerria hiltzen da. Auzokoekin eta senideekin elkartu eta, ia jai giroan, negu osorako despentsak beteko dituzten odolki, urdai, txorizo, eta abarrak prestatzen dira.
Baina baserrietako atarietatik urrun, kaoba egurrezko mahai eta larruzko aulkidun bulegoetan ere ospatzen dira San Martinak. Kanada eta Europar Batasunak CETA izeneko merkataritza akordioa sinatu berri dute Bruselan kale-istilu artean. Akordio hau bi herrialdeetako botere ekonomikoek ia klandestinitatean idatzi eta adostu dute ia 7 urteren ondoren. Hau gutxi balitz, Europar Batasuna Ameriketako Estatu Batuekin negoziatzen ari den TTIP merkataritza akordio are kezkagarriagoa ere indarra irabazten ari da.
Bi akordio hauen sinadurarekin herritarren azken hamarkadetako lan eta borrokaren fruitu diren eskubide sozial gehienei erraiak aterako dizkiete. Eskuak zikindu gabe, amantal eta aiztoen ordez gorbata eta zilarrezko lumak baliatuz, zatikatuko dituzte gure zerriak.
Eta zerri hauek ez dira urte batez bakarrik gizendu, urte asko behar izan dituzte daukaten pisua hartzeko. Pentsa zenbat odolki espero dituzten ordainetan.