Nor gara gu
Ez dakit nola, duela ia 20 urte Berria egunkariaren webean Pello Zabala zenak idatzitako pasarte bat etorri zait gogora. “Mendiko behatokitik” izeneko blog bat zeukan frantziskotar meteorologoak. Blog honetan Arantzazuko santutegiko talaiatik mundua nola ikusten zen azaltzen zuen Pellok ia egunero. Eguraldiarekin lotutako gaiak jorratzen zituen sarri eta santutegi barruko pasadizo batzuk ere izaten zituen kontagai. Bere zutabeetan, noiz behinka santutegiko fraide zaharrenetako baten gorabeherak kontatzen zituen. Oso gizon berezia omen zen elizgizon hura. Abade edadetu haren hurrengo irtenaldia kontatu zigun Pello Zabalak bere zutabeetako batean.
90 urtetik gora izango zituen Arantzazuko anaia hark. Egunero-egunero gaztelerazko irrati-kate kontserbadore bateko albistegia entzuteko ohitura omen zeukan. Halako goiz batean, santutegiko beste anaia frantziskotar batek goizeroko ohitura horrengatik galdetu zion:
- Aizak! Nolatan entzuten dituk albisteak egunero irrati-kate horretatik?
- Albisterik interesgarrienak, etsaiaren larretik - erantzun zuen fraide zaharrak.
- Baina hik ba al duk etsairik? - galde egin zion berriro
- Nik ez. Baina guk bai.
Erantzun borobila. Norbanako bezala, niri ere kosta egiten zait etsai bat irudikatzea. Esnatuko naiz goizero, eta gurutzatuko naiz hamarnaka pertsonarekin egunean zehar, suertatuko zait gatazkaren bat norbaitekin, baina hor amaituko da dena.
Talde baten izate, behar edo interesen aurkako zerbait suertatzen denean hezur-haragitzen dira benetako etsaiak. Eta etsaiarekin batera sortzen da Gu hori. Momentu horretan, etsai bat dugula sentitzen dugunean, begiratu alboetara, aztertu noren ondoan lerrokatu garen. Etsaiek esan diezagukete nor garen Gu.