Felix Morquecho
"Hezurbeltz"
2016/12/16
Orain dela egun pare bat lagun bati ea 'hezurbeltza' zen galdetu zion batek. Ez zen Eibarren izan eta niri arrotza egin zitzaidan hitza. Zer da hori? galdetu nion, naiz eta hitzari soinu ona ez antzeman. Erantzuna hiztegi batek eman zidan, "que no habla vasco; inmigrante" eta sinonimoak ere, beste batzuen artean "maketo". Gutxitan entzun dut nik hitz hori, agian horietako bat naizelako... edo ez? Ama euskalduna duzunean eta aita ez, zer zara, erdi eta erdi? Grazia gutxi ez, gutxiago ikusten diot nik hitzari, eta bere sinonimoari berdin. Gaur egun hainbat lekutako etorkinak bizi gara gure inguruan eta dagoeneko aldaketa batzuk ikusten ari gara. Beste egun batean andra batek neska bati behatzarekin apuntatuz esan zidan "eta euskaraz egiten du, primeran". Neskak bere begi asiatikoekin begiratzen zuen lotsati. Gero eta sorpresa gutxiago hartzen dugu norbaitek euskaraz egiten badigu, berdin beltz, hori, gorri edo azal berdekoa izanda ere. Bakoitzak bere jatorriagatik harro egoteko eskubidea dauka, noski baietz, baina hori ezin da aitzakia izan bestea mespretxatzeko. Eibartarrak onenak garela argi dago (ironia pixkat, mesedez), baina besteek ere bere puntua izango dute nahiz eta gehiago bilatu behar izan. Eta gauza bat argi dago, ondo arakatuz gero ikusiko dugu hezurretan denek, hangoak eta hemengoak, antzeko kolorea dugula.