Marisa Cid
Marisa Cid

"Hiltzen lagundu ala ez?"

2019/07/22
Hiltzen lagundu ala ez?  Behin, halako erabaki bat hartu behar izan nuen eta denbora luzez lur jota ibili nintzen. Hiltzen lagundu ala ez?  Zeharo ausarta izan behar da galdera bera planteatzeko ere. Ez da edozein erabaki, galdera egitea ez da batere erraza eta are zailagoa da ihardespena.

Gure gizartean heriotza tabua da. Ez zaigu horretaz mintzatzea gustatzen. Bizitzaren unerik txarrena izango balitz bezala hartzen dugu, baina, nire ustez, heriotza, kasu batzuetan, askapena da. Gaur egun “bizi-testamentua” guztiz legezkoa da eta, horri esker, edozeinek, bere buruaren jabe den bitartean, erabaki dezake zer-nolako balditzatan hil nahi duen.

Askotan, pelikuletan bakeroak ikusi izan ditugu bere zaldia tiroka hiltzen, sufritu ez dezan. Halako jokaerak arazorik gabe onartzen ditugu, baina pertsona bati zergatik ez diogu ematen animaliei ematen diegun gizatasuna? Zergatik zigortzen dugu sufrimendua jasatera? Zer dela eta ez dugu ikusten hiltzen laguntzea ekintza errukior gisa urteak baldin badaramatza ohean, gaixotasun sendaezina duela eta minak jasan ezinik?

Hasieran esan dut behin halako erabakia hartu behar izan nuela.  Martxoko goiz bat zen, fresko samarra, baina eguzkia jaun eta jabe zen zeruan; nire barnean, berriz, negu gorria: bihotzean hodeiak, trumoiak eztarrian eta euria begietan. Gaua oso luze joan zen eta neka-neka eginda geunden biok. Autoa hartu genuen eta klinikarantz abiatu ginen. Han entzun nahi ez genuena entzun genuen. Guk biok bagenekien zer zetorren. Batzuentzat txakur bat besterik ez zinen; niretzat, nire txikia, nire lagun leiala, nire maitea. Ez dut pentsatu ere egin nahi zer izango litzatekeen halako egoera senide edo lagun batekin bizitzea, zeren eta hamabost urte pasa ondoren, zure azken begiradak, oraindik, hunkitzen nau.