Marisa Cid
Marisa Cid

"Maskotak oporretan"

2020/06/22
Datuak oso larriak dira: Espainiako estatuan 104.000 txakur eta 33.700 katu abandonatzen dituzte urtero, Affinity-ren ikerketa baten arabera. Datu larriak direla diot, ez bakarrik halako basakeria egiteagatik, printzipiorik eta bihotzik gabeko gizartea adierazteagatik ere bai.

Txakur edo katuak etxera eramaten ditugunean ardura handia hartzen dugu.  Animaliak, gure etxean, umeak bezalakoak dira, eta gure menpean egongo dira, bai jateko, baita beren osasuna babesteko ere.  Menpekotasun horrek bizi osoa iraungo du; beraz, etxeko animalia hartu baino lehen, pentsatu beharko genuke ea beren beharrak asetzeko prest gauden hamar, hamabost edo hogei urtez.

Animaliek, lehenengo momentutik, leialtasuna ez ezik, alaitasuna eta adiskidetasuna ere eskaintzen dizkigute. Berdin zaie politak ala itsusiak garen, umore on ala txarrez sartzen garen etxera; haiek, beti, pozik azalduko dira ikusten gaituztenean. Eta hori nahikoa ez balitz, beren leialtasuna betiko izango da. Horregatik, inoiz ez ditut ulertuko animaliak abandonatzen dituztenak.

Aitortu behar dut animalien zale amorratua naizela. Txakur bat eduki nuen hamahiru urtez; hilabete eskas zuen etxera eraman nuenean, eta gure familiaren beste kide bat izan zen hil arte. Oporrak berarekin antolatzen genituen: animaliak onartzen dituzten hoteletara edo kanpinetara joaten ginen.

Gaur egun katua daukat, hamalau urte beteko ditu laster.  Ezagutu genuenean, txiki-txikia zen; kale gorrian zegoen; abandonatuta eta etorkizun beltz samarra zuen aurrean. Baina ez zen beldur niregana hurbildu zenean, jendearen artean bizi izan zela konturatu nintzen berehala. Hartu nuen, etxera eraman eta esan nion: “Lasai egon txikitxo, hemendik aurrera baduzu familia eta etxea, eta zin dagizut inoiz ez zaitudala abandonatuko”. Eta hemen dago, nire alboan, orri zuri hau betetzen laguntzen.

Abandonuaren arazoa konpontzeko neurri zorrotzagoak indarrean jarri beharko genituzke.  Ez da arazo hutsala, nire aburuz;  besteak beste, ahulenei ematen zaien tratu motaren arabera neurtzen delako gizarte baten aurrerapena.

marisacidgibaja@gmail.com