Marisa Cid
Marisa Cid

"Zaborra alde guztietan"

2020/02/21
Lurrak hitz egin digu.  Denbora luzez dabil abisuak ematen, baina guk entzungor jarraitzen dugu.  Sarritan pentsatzen dugu ezbeharrak urrun gertatzen direla.  Baina joan den otsailaren 6an Lurra belarrira mintzatu zitzaigun eta Bilbo eta Donostiaren arteko bide inportanteena moztu zuen (horri esker, “prime time-n” programa askotan agertu ginen). Lurra zaborrak itota hiltzen ari da eta itomen honetan bi langile joan zaizkigu. Nire doluminak senitartekoei.

Ezbeharraren ondorioei dagokienez, zortzi egun geroago “jakin” genuen airea ere kutsatuta zegoela (jakin jakin, batzuek bagenekien aurretik ere,  zeren eta otsailaren 8an, larunbatean,  kalera irten orduko  etxera bueltatu ginen, usaina jasanezina baitzen). Politikariek astebete geroago esan ziguten airea kutsatuta zegoela.  Hori dela eta, ezin gara kalean jolastu, ezin dugu kirolik egin, ezta etxea aireztatu ere.

Eta ura? Hortxe bertan dago Aixola urtegia. Politikariak berriro esaten ari dira ez dagoela kezkatzeko arrazoirik, baina, puntu honetara ailegatuta, norbaitek sinesten ote die?

Ura, airea eta lurra oinarrizkoak dira bizitzarako eta orain horiek ere, gure politikariak bezala, kutsatuta daude. Joan den astean, gure alkatearen ahotik entzun genuen airearen kalitatea ona zela. Eta gure alkate ohia harago joan zen.  Iñaki Arriolak, egun Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuak, elkarrizketa batean esan zuen: “Ni Eibarkoa naiz eta Eibarren bizi naiz”;  datu hori zerbaitetarako bermea izango balitz bezala. Adierazpen horiek entzun bezain pronto, burura etorri zitzaidan Fragaren irudia bainujantzian  Palomaresen bainatzen.

Lur maitea: Bale, entzun dugu zure mezua, gure garapen eredua ez da jasangarria eta gure politikariek ez dakite arazoak kudeatzen.

Miguel de los Toyos eta Arriola jaunak:  zertarako jasotzen dituzue halako soldatak? Zer egiten duzue gure ingurumena babesteko eta gure garapen eredua jasangarria izan dadin?  Zer egingo duzue Zaldibarko zaborrarekin?

Eta orain egin dezagun hausnarketa: zer egiten dugu gure egunerokoan aztarna ekologikoa murrizteko? Gertakari hau abisu gisa hartu beharko genuke. Oraindik badugu aukera pentsatzeko ea aurrerantzean horrela bizi nahi dugun, hots, zaborrez inguraturik eta etxean giltzaperatuta.

Etorkizuna edukitzeko has gaitezen egunero zerbait egiten: plastikozko ontziak eta autoak gutxiago erabiltzen, hegazkin bidaiak baztertzen, gauzak berrerabiltzen,  zaborra bereizten... eta bidal ditzagun politikari alferrak, datorren apirilaren 5ean, zabortegi gorrira.

OHARRA: Artikulu hau otsailaren 15ean idatzita dago, manifara joan baino lehen; manifatik itzuli ondoren idatzi banu, beharbada ez nintzatekeen hain “fin” ibiliko.  Zabortegia bezalaxe suak harturik nago. Gainera, oraintxe entzun diot, berriro, Eibarko alkateari lasai egoteko, ez dagoela problemarik.  Ez, ez omen dago arazorik,  “bakarrik” igandeko derbia bertan behera geratu dela; badirudi futbolariek ezin dutela  arnastu 90 minututan guk astean zehar arnastu dugun airea. Ipuruan futbolean jokatzea arriskutsua da lehenengo mailakoentzat, dirudunentzat, baina gure umeak aste osoan ibili dira Unben, inolako abisurik gabe.
De los Toyos eta Arriola jaunak: ez dakit zer gertatuko den datorren astean artikulu hau argitaratu bitartean, baina mezu bat daukat zuentzat: ez asmatu gezur gehiago eta ez saiatu gu lasaitzen; ez du merezi, inork ez dizue jada sinesten eta. (marisacidgibaja@gmail.com)