Marisa Cid
Marisa Cid

"Zertan ari gara jolasten"

2019/11/19
Berriro hemen Gabonak. Berriro postontzian jostailu-katalogoak. Berriro berdinak. Berriro desberdinak. Katalogoak aztertuta, bi hitz hauek dabiltza bueltaka nire buruan: berdinak eta desberdinak. Alde batetik, katalogo berdinak, azken urteetan ohikoa den bezala, zoragarriak benetan: couché paperez eginak, koloretsuak eta ehunka jostailu erakutsiz haurrak liluratzeko asmoz.  Bestalde, neskak eta mutilak desberdinak, desberdinduta, emakumeok kostata lortu ditugun garaipen guztiei muzin eginez. Laburbilduz, dena berdina desberdintasuna jasaten jarraitzeko.

Denok dakigunez, umeek helduen imintzioa egiten dute jolasten dabiltzanean, baina katalogoak ikusi ondoren publizistei egiteko galdera batzuk bururatu zaizkit: benetan pentsatzen duzue gaurko gizartea islatuta dagoela zuen katalogoetan?, non daude gaurko emakumeak?, nonbait aurki ditzakegu aitatasuna bizi izaten ari diren mutilak? Eta are gehiago, norbaitek pentsatzen du mutil guztiak ausartak direla eta neskak etxekoandre izan nahi dutela, egunero hogeita lau orduz eta musu-truk lan egin?

Nire ustez, genero-rolak gainditzeko bidean gaude, baina izugarrizko lana eginagatik, oso luzea izango da oraindik ibilbidea; horregatik, guztiz  garrantzitsua iruditzen zait jolas eta jostailuek betetzen duten egitekoa. Era berean, publizitateak ez ezik, heziketak eta familiek ere beren hazia erein beharko lukete etorkizuna hobetzeko eta gure umeak helduaroan zoriontsuak izateko.

Aurten berandu samar nabil, baina datorren urtean Olentzerori jostailu-katalogo eguneratuak eskatuko dizkiot.

marisacidgibaja@gmail.com