Jon Mikel Mujika
"Koloreak"
2018/05/02
Koloreak gizakion burmuinak begietara heltzen diren argi uhin ezberdinak interpretatzeko daukan mekanismo subjektiboa dira. Gaitasun honek, gure ingurua zehaztasun handiz ikusteko aukera ematen digu gizakioi. Milaka kolore desberdintzeko gai gara, noranahi begira jarrita ikusten ditugu koloreak, baina norberak bere erara. Eta kolore bakoitzak, ikusten dugunaz gain, gauza desberdinak iradokitzen dizkigu pertsona bakoitzari.
Adibidez, laranja koloreak ni bezalako txirrinduzale bati Roberto Laiseka edo Iban Mayo ekarriko dizkio gogora, beste bati butano-banatzaile bat otuko zaio eta egongo da Albert Riverarengan pentsatuko duenik. Berdeak, heldu gabeko fruitu bat gogorarazi diezaioke norbaiti, edo Aralarko larreak, edo Guardia Zibila.
Historian zehar, koloreak pertsona taldeak etiketatu eta jazartzeko ere erabili izan dira. Ikusi genituen (ikusten ditugu) zuriak beltzak zapaltzen eta ez dira gure oroimenetik desagertu gorriak grisen aurrean korrika.
Pasaden hasteko errege kopako finalean, polizia nazionalak kamiseta horiak erantziarazi zizkien Bartzelonako zaletuei, zer eta biolentziaren pizgarri izan zitezkeelakoan. Jende asko sutu zuen gertaera honek, baina onartu beharra daukat niri esperantza izpi bat piztu zidala barnean horrelako umekeria bat ikusteak. Kolore soil batek beldurtzen baditu, ahul dauden seinale.