Asier Ezenarro
Asier Ezenarro

"Leopoldo"

2017/07/14
Leopoldo deitzearen garrantzia. Leopoldo Lopez esan nahi dut. Espainiako politikari gehienek bere babes osoa erakutsi diote Venezuelako politikariari eta telebistek, egunkariek eta kazetari gehienek goraipatu egin dute “demokraziaren aldeko borroka” egiteagatik. Hor ibili dira Felipe Gonzalez eta Alberto Ruiz Gallardon Venezuelako oposizio politikoaren abokatu lana egiten eta hemen, Euskal Herrian, Iñaki Anasagasti jeltzalea gobernu bolibarianoaren aurka manifestazioak antolatzen.
1999ko azaroaren 18an, arratsaldeko 21:30ean, Iñigo Egiluz euskal kooperantea, Jorge Luis Mazo apaiza eta Rafael  Gomez kolonbiar kooperantea kanoa batean zihoazen, Atrato ibaia zeharkatzen. Kolonbiako eskualde horretako indigenei eta babesgabeko jendeari laguntza ematen zioten hirurek. Bapatean paramilitarren erasoa jasan zuten: Iñigo eta Jorge Luis hil egin zituzten, euren bizia emateko txiroen eta pobreen alde. Ez ditut ikusi nik PPko eta PSOEko buruzagiak Egiluz eta Mazoren oroimenik eta omenaldirik egiten. Eta 2001eko abuztuaren 18ko gauean Jorge Adolfo Freytter Romero 51 urteko abokatua hil zuten paramilitarrek, Jorge Freytte nire lagunaren aita. Baina orduan ere ez nuen entzun Espainiako komunikabideetan ezer hilketa horri buruz.
Eta nor da, orduan, Leopoldo Lopez famatua Espainiako klase politikoan hainbeste defendatzaile izateko? Lopez jauna Venezuelako familia aberatseneetakoaren semea da. Estatu Batuetan egin zituen Ekonomia ikasketak, gaztetatik parte hartu du ultraeskuindar erakundeetan eta Estatu Batuetako errepublikar alderdiaren politikari batzuekin harreman estua landu du. 2002. urtean Hugo Chavezen aurkako estatu kolpearen aldekoa izan zen. Orain arte “Guarimbas” edo talde armatuak babestu ditu Caracaseko kaleak sutan jartzeko eta gobernu iraultzailea bere lekutik kentzeko. Leopoldo deitzearen garrantzia.