Jon Mikel Mujika
Jon Mikel Mujika

"Martzianoak"

2018/02/18
Percival Lowell 1855ean jaio zen astronomo bat izan zen. AEBetako familia dirudun bateko semea zen eta Harvarden egin zituen ikasketak. 1894an Arizonako Flagstaff hirian bere astronomiabehatoki propioa eraiki zuenerako Marte planetarekin itsututa zebilen. Lowell, Giovanni Schiaparelli astronomo italiar entzutetsuaren lanak inspiratuta hasi zen planeta gorria ikertzen. Schiaparellik ohar txiki bat idatzi zuen behin behaketa batzuen ostean egindako marrazkien artean: “canali ” (kanalak). Italiarrak ez zien garrantzia gehiegi eman Marteko lurrazalean ozta ozta ikusi zituen marratxo haiei, baina Lowellen buruan iltzatuta geratu ziren. Milaka ordu igaro zituen Lowellek bere behatokitik zerura begira eta, hara non, teleskopioa Martera zuzentzen zuen bakoitzean, han ikusten zituen beti kanal haiek. Ehundaka kilometro luzekoak ziruditen ubide haiek, Marten bizi zen zibilizazio batek eraikiak zirela pentsatzen hasi zen. Ia bizi osoa eman zuen berak bakarrik ikusten zituen Marteko ubide extra-lurtar haien defentsan. Lowellek liburu eta artikulu ugari idatzi zituen eta New York Times-en ere argitaratu ziren bere idazkiak. Aspalditik jakina da Marten martzianorik ez dagoela, baina orain gutxi ezagutu da Lowellek ikusten zituen ubide haien jatorria. Aditu talde baten arabera, Lowellek ikusten zituen kanal haiek, teleskopioko lentean isladatzen ziren bere begietako zainak ziren.