Jaione Yeregi
Jaione Yeregi

"Merkurioa"

2019/12/18
Ziur nago zuetariko gehienok, denok ez esatearren, merkurioari buruz zerbait entzun duzuela. Baina zer da merkurioa? Zer erlazio edo eragin dauka gure gorputz edo osasunean?

Merkurioa metal astun bat da, tenperaturaren arabera likidoa dena. Generalki termometroen hodian egoten den sustantzia da. Horiek puskatzen direnean ikusten ditugun zilar kolorezko bolatxoak dira. Merkurioa kaltegarria da osasunarentzat usaindu, irentsi eta ukitu ezkero.

Aspalditik erabiltzen da merkurioa: kimika industrietan PVC-aren, kloroaren... produkzioan. Horien isurketak atmosfera zein uretara heltzen dira. Isurketok, batzuetan kontrolatuak izaten diren arren, tamalez beste askotan ez. Bestalde, erabiltzen ditugun hainbeste elektrogailuk erabiltzen dituzten pilak, ez baditugu behar bezela erreziklatzen, lurra eta, ondoren, ura neurri arriskutsuan kutsatzen dituzte. Txertoetan ere kontserbatzaile gisa erabiltzen da merkurioa. Gaur egunera arte ere merkuriozko amalgamak asko erabili dituzte dentistek.

Azken aldian arrainaren merkurio kantitatearekin jendea oso kezkatuta dagoela entzuten dut. Egia da arrainek gero eta merkurio kantitate handiagoak dituztela euren gorputzean. Itsasoko ura nola dagoen pentsarazten digu horrek. Batez ere, arrain urdinetan eta tamaina handienetakoetan aurkitzen dugu kantitate gehien. Arrain txikiek (sardinak eta antxoak, adibidez), txikiak direnez, merkurio kantitate txikiagoa dute. Aldiz, arrain handiek (atunak, ezpata arrainak...) merkurio kantitate handiagoak izaten dituzte. Arrain handi horien elikagai, kantitate handitan, beste arrain txikiak direlako: merkurio kantitate txikiak pilatuz joaten dira-eta kantitate garrantzitsu bihurtzeraino. Bestalde, arrain urdina Omega 3an aberatsa da, eta garrantzitsua eta onuragarria da hori gure gorputzarentzat.

Beraz, nire ustez, merkurioaren ondorioetatik urruntzeko, ez dago zertan arrain urdina jateari utzi beharrik. Kantitatean dago gakoa. Merkurioa aurki genezakeen hainbat toki aipatu ditugu. Orokorrean horiek sahiesten baditugu, gure gorputzean merkurio kantitatea gutxitu eta gure gorputzak eskertuko digu.

Gure planeta zaintzeko eta iraun dezan gure esku dugu, besteak beste, metal astun hori ekiditzea.