Asier Ezenarro
Asier Ezenarro

"Munduaren amaiera"

2021/02/22
Agian mundua aspaldi amaitu zen eta ez gara ohartu. Nik data eta guzti jarri diot horri: 1985 inguruan amaitu zen. Garai hartan hamar urteko umea nintzen eta ondo gogoratzen dut.

Ez dut esaten, noski, Lurra meteorito edo beste hondamendi baten ondorioz amaitu zenik, baizik eta "gure mundua", gure "lebenswelt" hil zela.

Garai hartan, oraindik, gure hiriburuek identitate bat zeukaten, herri-mugimenduek indartsu zeuden, eta Euskal Herria burujabetza lortzeko gai zen estatu gabeko herrien artean.

Urte horretan elkartasuna jaso genuen Nikaraguatik ere, Carlos Mejia Godoy eta “Los de Palacagüina”koek Gasteizen emandako kontzertuarekin. Oraindik herrien arteko elkartasuna bizirik zegoen gure lurraldean. Gero ETAren borroka armatua endekatu egin zen eta harreman horiek hoztu egin ziren; "Nicaragua , Nicaragüita" jaietan entzutearena amaitu zen eta Euskadi osoa "ruta del bacalao"ren doinuekin bete zen. Arrazoia du Joxe Azurmendik Euskal Herria desegindako herria dela esaten duenean.

1985ean, oraindik, gure kontzientzia nazionala bizirik zegoen; baina, Schillerrek idatzi zuen bezala, "une batean errefusatzen dena betikotasunak ez du itzultzen". Egia da Estatu espainolak ez digula eman, inoiz ere, aukerarik gure askatasuna lortzeko; baina bideak guk eraiki behar genituen, askatasuna benetan nahi bagenuen.

Baina ez gara izan beharko ginen bezain argiak eta zentzudunak. Anthony D. Smith politologo eta ikertzaileak azpimarratzen duenez, "la tarea de una `inteligentsia etnica´ es la de movilizar a una comunidad pasiva en la formación de una nación a través de la nueva cultura vernácula que se ha redescubierto". Baina hemen, ETB piztu eta " Vaya semanita" eta abar eduki dugu urtetan. Alex de la Iglesia eta La Oreja de Van Gogh dira gure ordezkariak, edo Espainiako komunikabideek goraipatzen dituztenak behintzat.

Ondo gogoratzen dut nik 1985 urtea, ume bat izan arren. Batzuk ez dira ohartu, baina gure mundua itzali egin zen.

Badakit oroimina ez dela ona, baina derrigorrez bueltatzen dut begirada: berriro ikusteko zer ginen orain dela ez hainbeste, eta tristuraz ikusteko zer garen gaur egun.