Jaione Yeregi
"Oiloa nolakoa, arrautza halakoa"
2018/07/24
Zenbat aldiz gogoratzen ditut ume nintzela, larunbatero, aitona eta amonaren baserrira joaten ginenekoak. Sasoiak azkar aldatzen doazela ziurtatzen didate orduko oroitzapenek. Aitona eta amona adinean aurrera zihoazela eta eurekin harremanetan jartzeko telefonoa jarri nahi izan zieten gurasoek. Eginahalak egin arren, ez zen lortu baserrian telefonorik jartzerik. Gaur egun denok poltsikoan mugikor batekin gabiltzala jakingo balute… Garai berean, baserrian arnasten zen lasaitasun eta askatasunak ez zeukan zerikusirik gaur egungokoarekin. Goizean goiz: oilarra eta txoriak kantari, behi, ardi, asto… larrean eta oiloak kanpokaldean mokoka. Zenbat aldiz bidali ote ninduen amonak ortura bertan sartutako oiloak uxatzera. Oiloak aztarka dabiltza eta bestela akabo landatutakoak! Oiloak libre ibiltzen zirela? galdetuko dute gaur egun ume eta hain ume ez diren hainbatek. Bai, eta arrautzak jartzeko sasoian, txintxo txintxo oilategi barrura sartu eta bakoitzak bere txokoan jartzen zuen arrautza. Ez gaur egun moduan, gehienak nabe edo kaiolan sartuta izaten dituzte gastu txikienarekin etekinik handiena ateratzeko asmoz. Zorionez, bada arrautzaren eta oiloen bizi kalitateari garrantzia ematen dion jendea eta garai hartako arrautzak bezalakoak ekoizten duenik. Arrautzaren kalitatea zein den jakitea oso erraza da. Inprimatuta daukaten kodeari begiratzea besterik ez dago. Garrantzitsuena lehenengo zenbakia da. Horrek adieraziko digu oiloaren bizi kalitatea, egoera duinean bizi den ala ez.
Lehenengo zenbakia:
- 3 bada: oiloa kaiolan pilatuta bizi da. Ziurrenik bizitza osoan eguzkirik ez du ikusi. Mokoa mozten diete beste oiloekin mokoka ez aritzeko. Bakoitzari dagokion tokia orri baten azalera baino txikiagoa da.
- 2 bada: oiloa nabe bateko zoruan bizi da oilo askorekin batera. Ez dute ia mugitzeko tokirik izaten. Hauei ere mokoa mozten diete. 12 oilo bizi daitezke m2 bakoitzeko.
- 1 bada: kanpoaldean landan dabiltzan oiloak dira. Oilo dentsitatea ezin da izan batekoa baino altuagoa 4 metro karratuko. Nolabaiteko askatasuna daukate.
- 0 bada: oilo hauen arrautza ekoizpen ekologikotik datorrela esan nahi du. 1 zenbakia dutenen antzera, hauek ere kanpokaldean landan ibiltzen dira, baina oilo hauen elikaduraren %80-k nekazaritza ekologikoan oinarritua egon behar du.
Beraz, norberaren esku gelditzen da arrautza eta oiloaren bizi kalitateari zenbaterainoko garrantzia ematen dion. Denboran aurrera modernizatzen edo atzeratzen goazen hausnartzea bezala.