Iokin Elortza
Iokin Elortza

"Oinak"

2017/05/08
Uda ate joka  daukagu, eta urte osoan zehar izkutuan eduki ditugun oinek, aire freskoaz gozatzeko aukera izango dute.
Normalean aurpegia eta eskuak zaintzeko ohitura izaten badugu ere, ez dugu berdina egiten gure oinekin, eta udan oin eder eta osasuntsu batzuk eduki nahi baditugu, orain da garaia hauetan arreta jarri eta zaintzeko. Hasteko, ondo dago gure oinetan exfoliazio bat egitea, horrela, urtean zehar pilatutako lehortasuna eta hildako zelulak  kentzea lortuko dugu.  Ondoren, oinak ondo hidratatzeko ordua izango da, eta horretarako, lehortasunaren arabera, produktu egokia aukeratu beharko dugu azalak galdutako dizdira berriz izan dezan.
Ohiko beste arazo bat izerdiarena izaten da, oinetan izaten ditugun bakteriei lotuta; askotan usain txarra ere eragiten du eta horri aurre egiteko aukera asko ditugu; uretan gatz batzuk bota eta bainu batzuk egitetik, oinetan emateko spray eta hautsa ugariraino.
Atzazkalak ere zaindu beharrekoak dira. Arazo serioa bada, espezialistara joan beharko gara. Baina horrela ez bada, atzazkalak ondo moztuta, hidratatuak eta limatuak izateko produktu eskaintza ugari dago.
Azken finean, udan oin polit eta osasuntsu batzuk eduki nahi baditugu, hobe berandu baino lehen zaintzen hastea, lorentzo badator!