Felix Morquecho
Felix Morquecho

"Sare sozialik ez?"

2018/01/15
Lehengo batean zera entzun nion lagun bati: “Nik ez daukat sare sozialik; ez Facebook, ez Twitter... ezebez”. Azken urteetan aldaketa izugarriak bizitzen dihardugu kontu horietan: orain dela hamarkada bat balio zuena orain iragana da, eta gaur punta-puntan dagoen teknologiak auskalo zenbat iraungo digun. Bitartean, gure artean jarrera desberdinak ikusten ari gara. Ez kontatu inori, baina nik berrogei urteak pasatu ditut dagoeneko, eta nire ingurukoen artean denetarik dago. Batzuk sare guztietan daude sartuta, beste batzuk batekin nahikoa dute, badaude denbora guztian konektatuta daudenak, baita mobila etxean lagata azkurerik ez dutenak ere. Ezin zaio inori esan zer egin behar duen, non egon behar den eta non ez. Baina besteak zioena? “Nik ez daukat sare sozialik; ez Facebook, ez Twitter... ezebez”. Agian Instagram ez, edo Whatsapp ere ez, baina sare sozialak? Kuadrila ez al da sare soziala? Eta familia? Laneko lagunak? Bakoitzak bere loturak dauzka eta denak ez dira wifi edo zuntz optikotik bideratzen. Buruz-buru ere jorratzen dira perfilak, 'followerrak' eta lagunak. Internet plaza handia dugu, baina plaza plaza... Untzagan daukagu, gure kaleetan.