Iokin Elortza
Iokin Elortza

"Tabakoa"

2019/11/14
Ohikoa izaten da urte berriarekin egiten diren proposamenen artean tabakoa uztearena egotea. Urtero. Baina, aurten, proposamen hori aukera handi batekin elkartzen da. Osakidetzak, lehen aldiz, tabakoa lagatzeko lehenengo botika finantzatuko du, Champix izenekoa.

Nafarroan azken bi urtetan finantzatuta egon ondoren, eta izan dituen emaitza onak ikusita, Osakidetzak eta Estatuko Osasun Ministeritzak neurri berdina hartzea erabaki dute. Eta ez da botika merkea (kaxa bakoitzak 100 eurotik gora balio du), baina dituen onurak, eta erretzaileek garatzen dituzten osasun arazo eta gastuekin alderatuta, neurria ez da garestia, oso merkea da.

Champix-aren printzipio aktiboa Vareniclina da. Honek, alde batetik, erretzeko gogoa eta abstinentzia sindromea arintzen ditu, nikotinak erabiltzen dituen errezeptore berdinetan itsatzen da-eta; eta, bestetik, tabakoak erretzaileetan sortzen dituen plazer sentsazioak eragozten ditu, nikotinarekin bat egin eta normalean erretzaileek erretzerakoan plazerra sortzeko burmuinean askatzen duten dopamina blokeatzen duelako.

Azken batean, aurten ez dago tabakoa ez lagatzeko arrazoirik, botika honen emaitzak oso onak dira, eta norberak gogo pixka bat jarrita helburua eskura dago. Bitartean, urte berri on (nahiz eta oraindik asko falta) eta osasuna!