Felix Morquecho
Felix Morquecho

"Tirania modernoa"

2018/10/08
Kaseteak, argazkiak egiteko karreteak edo pezetak. Zenbat gauza ote daude gaur egungo umeak ezagutzen ez dituztenak eta euren aurrekoentzat arruntak izan zirenak! Garaiak etengabe aldatzen dira eta ez naiz ni izango atzera jo nahi duena.

Baina aparatuak bakarrik ez dira aldatzen, batzutan haiek eraginda gure ohiturak ere bai. Umea nintzenean, karrera zegoela eta, nire lagun Asier eta biok Toribio Etxebarria kalera joan ginen koaderno bana besapean genuela. Gu ikustean, Eibarko Txirrindulari Elkarteko kide batek koadernoak hartu eta orduko okindegiaren ondoan zegoen ziklistari eman zizkion. “Mutiko, bota sinadura ume hauei!”. Ez genekien nor zen tipo hura, baina lehen sinadura lortuta genuen jada (hilabeteetara Thierry Claveyrolat zela jakin genuen). Tipo ezaguna (edo erdi ezaguna) izateak hori zekarren, sinadurak han eta hemen egin behar.

Orain dela gutxi Donostiako Zinemaldia bukatu da eta han badakite izarrak hurbiletik ikustea zer den. Asko dira antzezleen zain orduak eman dituztenak, baina hara, sinadurak argazkiari utzi dio lekua. Seguru horien protagonistak nahiago izango zutela zirriborroak paperean egitea mila argazkietan azaltzea baino. Profesionalak dira, eta lehen sinadura txukun egiteko ematen zuten denbora orain ispilu aurrean eman beharko dute argazki guztietan zoragarri azaltzeko. Horra hor argazkien demokratizazioa, nahiz eta batzuentzat tirania bihurtu.