Aitor Buendia
Aitor Buendia

"Tuterako kardu gorria... gordinik!"

2019/01/13
Lehenik eta behin, urte berri on! Eta horretaz ari garela, gabon jaietako gehiegikeriei aurre egiteko une egokia da. Eta zuen kasua ez bada –espero dut horrela izatea– berdin du. Nire asmoa, noizbehinka, mahai gainean ahal den neurrian izan behar ditugun sasoiko produktuak ekartzea da. Eta oraingoan Tuteraraino joango gara, kardu gorria  gertutik  ezagutzeko. Javier Navarro Tuterako nekazari peto-petoa da. Berak azaldu digunez, “kardu zuria gehienbat egosi egiten da. Baina, kasu honetan, gordinik kontsumitzeko kardu gorriari buruz ari gara berbetan. Laborantza guztiz tradizionalean eginda dago, lurrarekin estalitakoa. Harrigarriena bere testura da, entsaladan jan ahal izatea, eta jende askok ez du alderdi hau ezagutzen”.

Bittor Rodriguez nutrizionistak gogorarazi digunez, “ia ez du kaloriarik, ur-kantitate izugarria dauka (% 93) eta, bere kolore gorria dela eta, antioxidante mordoa dauzka. Nafarroako Erriberan landatua, ia desagertuta zegoen. Suspertu egin dugu, batez ere estaltzeko moduari eta laborantza tradizionalari dagokienean. Kalitatea lurrarekin estaltzean lortzen da. Izaki biziduna da, eta plastiko edo paperarekin estaltzeak ez dauka bat ere zerikusirik. Lurrak lehen aipatutako ezaugarri horiek guztiak ematen dizkio eta, gainera, esate baterako, izotzetik babesten dituen isolatzailea da”.

Landaketa oso luzea da. Ekainean egiten da, uda osoan garatzen da, lurrarekin estaltzea urrian-azaroan egiten da, eta horrela mantentzen da gutxienez 40 egunetan, kontsumitzen hasi baino lehen. Hortik aurrera -oraintxe bertan, beraz- martxora arte disfrutatzen has gaitezke. Etxean jateko, errezeta oso erraza da. Lehenik eta behin, garbitu, kardu zuriarekin egingo genukeen bezala (gorriak hari gutxiago dauzka). Entsaladan egiteko, garbitu ondoren kizkurtu egingo dugu, ebaki batzuk egingo dizkiogu penka edo orri-mami zati bakoitzari. Ondoren, urakin eta izotzakin betetako bol batean sartuko dugu (horrela, puntak kizkurtu egingo dira). Ondoren, oliba olio-birjina, granada apurtxo bat eta Añanako gatzarekin prestatuko dugu. Testura krokanteak harrituta lagako zaitue. On egin!

La cocina de la Silbi