Iokin Elortza
Iokin Elortza

"XXI. mendeko pandemia berria"

2017/10/03
"Egoera larria da. Ez badiogu aurre egiten posible da ebakuntza txiki batengatik jendea hiltzea". Hitz horiek Tedros Adhanom-ek esan ditu, Osasunaren Mundu Erakundeko (OME) zuzendari nagusiak, eta antibiotikoekiko erresistentziari buruz ari da.
Datuak hor daude: 2013. urtean antibiotikoekiko erresistentziak munduan 700.000 heriotza eragin zituen, eta 2050. urterako 10.000.000 izatea aurreikusten da. Eta heriotza eragingo ez duten kasuetan, erresistentzia hauek, gaixo aldiak eta  ospitaleko egonaldiak luzatu eta gastu ekonomikoa asko haundituko dute.
Antibiotikoak nekazaritza eta abeltzaintzan oso erabiliak badira ere, gaur gizakion gaixotasunak osatzeko nola erabiltzen ditugun aztertuko dugu.
Urteak daramatzagu entzuten antibiotikoen tratamentua ez amaitzeak sortzen dituztela erresistentziak, alegia, gaixotasunaren sintomak amaitu eta antibiotikoen tratamentua amaitu gabe hartzeari uzten diogunean sortzen direla.
Baina ikerketa berri batzuk teoria hau zalantzan jarri dute, eta diote tratamentu luze hauek izan daitezkela erresistentzia hauen errudun, tratamentu laburragoek eragin berdina eta erresistentzia sorrera txikiagoak izan dezaketela defendatuz.
Edozein kasutan, eta gauzak horrela, hauek dira beti jarraitu beharreko gomendioak: ez hartu inoiz antibiotikorik zure kabuz eta egin beti kasu medikuak agindutakoari. Osasuna!