Jaione Yeregi
Jaione Yeregi

"Zerealak"

2017/04/24
Jakina da antzinako zibilizazioetatik zerealen erabilera elikaduran; zibilizazio askoren elikaduraren oinarri izan da elikagai hori. Gaur egun, gero eta gehiago entzuten da zerealen erabilera oso osasungarria dela, batik bat umeen gosarietarako. Zerealez osatutako gosariak orekatuak eta energetikoak direla. Kontuz, baina: hori ez da guztiz egia. Umeentzat, emakumeentzat, komunera joaten laguntzeko... komertzializatzen dituzten zereal askok eta askok euren konposizioan azukre kopuru izugarriak dituzte eta hori ez da batere osasungarria, ekar ditzazkeen osasun ondorioengatik. Hori dela-eta, zerealen inguruan azalpen eta argibide batzuk ematen saiatuko naiz.
Dauzkagun mantenugaien artean, zerealak gorputzari energia ematen dioten karbohidratoen multzoan sailkatzen dira. Zereal bezela ezagutzen ditugun elikagaietatik, batzuk pseudozerealak dira. Honakoa da sailkapena: Zerealak: Oloa, arroza, garagarra, zekalea, artoa, artotxikia, garia (baita kamuta eta espelta ere) eta basartoa. Pseudozerealak: artobeltza, amarantoa eta kinoa.
Bulgurra eta cous cous-a garitik sortzen diren elikagaiak dira. Kamuta eta espelta gari motak dira. Eta teff-a zereal gisa erabiltzen den landarea da.
Zerealak osatzen dituzten osagaien artean almidoia eta zuntza aipatu beharko genituzke; beti ere zereal osoez edo integraletaz hitz egiten dugula kontuan hartuta. Ez daukate ia koiperik; beraz, kolesterolik ere ez. Zerealek ematen dizkiguten karbohidratoak almidoi erakoak izaten dira, organismoan glukosa eran deskonposatzen direnak. Karbohidrato horien absortzioa era mantsoan eta pixkanaka pixkanaka izaten da. Horregatik, odoleko azukre maila orekatuari eusten laguntzen dute, azukrez gozatutako beste era bateko karbohidratuak jaten direnean ez bezala. Zuntzari dagokionez, 100 gr. irin integralak 12 gr. zuntz ditu. Aldiz, 100 gr. irin refinatuak 2 gr. zuntz besterik ez du.
Lehen esan bezala, nahiz eta karbohidratoen multzoan sailkatu, zerealek beste mantenugai batzuk ere badituzte. Adibidez, bitaminak, mineralak eta proteinak. Baina proteina horiek ez dira hain osoak, beharrezkoak diren aminoazido batzuk falta zaizkielako (lisina, kasurako). Hori dela-eta, animalien erreinutik datozkigun elikagaiak ez jatea erabakitzerakoan, jatordu orekatu bat egiteko ezinbestekoa da lekaleak, zerealak eta berdurak jatea.
Zereal batzuk gluten izeneko proteina ere badute. Pertsona batzuk alergia diote proteina horri eta, horregatik, bakarrik gluten gabeko zereal eta pseudozerealak jan ditzakete: alde batetik, arroza, artoa, arotxikia eta basartoa; eta, bestetik, artobeltza, kinoa eta teffa.
Beraz, zerealek aportatzen dizkiguten mantenugaietaz balia gaitezen ezinbestekoa da horien jatorria ezagutzea eta eraldatuta daudenen konposizioa zehatz-mehatz irakurtzea, ustez jaten gauden zerbaiten ordez beste zerbait ez diezaguten sartu. Zereal oso edo integralak izatea da onena, hobe biologikoak, eta ahal bada erantsitako azukrerik gabekoak.