Asier Ezenarro
Asier Ezenarro

"Zigor biblikoa"

2018/04/15
Aste Santuko oporrak garai egokiak dira etxean pelikula klasikoak ikusteko eta, horien artean, "Peplum" (erromatarren filmeak) edo Bibliari buruzko titulu ezagunak berriro ikusteko. Telebistetan filme ospetsu horiek urtero eskaintzen dituzte euren programazioan. "Quo Vadis", "Espartaco", edo "Los diez mandamientos", dira agian ezagunenak, baina niretzat John Hustonek 1966an zuzendu zuen "La Biblia" da interesgarriena. Han Genesiaren lehenengoko 22 atalburuak kontatzen dira, eta historia ederrena Abrahamena da. Historia horretan, pasarte ezaguna da Jainkoak Abrahameri Sodoma eta Gomorrako hiriak suntsitseko asmoa duela esaten diona. Abrahamek galdetzen dio Jainkoari ea errudunak eta errugabeak, denak batera, hil egingo diren. "Eta hamar errugabe egongo balira, hiria suntsituko zenuke?" galdetzen dio aitalehenak Jaungoikoari; eta honek erantzuten dio: "Hamar horiengatik, ez dut suntsituko hiria". Baina badirudi ez zeudela hamar errugabe, eta Jahvek hiria erraustu zuen (pelikulan onddo atomiko baten bidez errausten du hiria). Aurreko astean Israelgo armadak 15 palestinar hil eta 500 baino gehiago zauritu zituen: beste sarraski bat. Israelgo defentsa ministroak, Avigdor Liebermann-ek, honakoa adierazi du: "Gazan inor ez da errugabea". Hau da, guztiak "terroristak" direla. Gaza ere hiri biblikoa da, munduko hiri zaharrenen artean dago, eta orain espetxe erraldoi bihurtu da: milaka eta milaka palestinar bizi dira han, judutarren ejerzitoaren erasoak jasaten. Erritmo honetan, sionisten irrika sarraskitzaileak Yahveren zigorra gaindituko du.