Nepalgo lurrikarak kaltetutakoei laguntzeko 3.000 euro bideratuko ditu udalak

Nepalgo lurrikarak kaltetutakoei laguntzeko 3.000 euro bideratuko ditu udalak
2015/04/27 00:00
eta kitto!

Asteburuan Nepal astindu duen lurrikarak eragin duen hondamendian kaltetu direnei laguntzeko, Eibarko udalak Eibar-Ermua Gurutze Gorriaren bitartez bideratuko den 3.000 euroko diru-laguntza ematea onartu du. Richter eskalako 7,9 graduko lurrikarak gogor astindu zuen herrialdea eta orain arte 3.700 hildako eragin ditu. Lehen astindu bortitzaren ondoren, hurrengo egun bietan hogei erreplikatik gora jasan dituzte eta ospitalak lanez gainezka dabiltza lurrikarak eragin dituen milaka zaurituei arreta eman nahian. Gauzak horrela, Nepalgo agintariek larrialdi egoera deklaratu dute eta nazioarte osoari laguntza eskatu diote. Espainiako Gurutze Gorriak Osasun Larrialdietako Erantzun Unitatea abiarazi du eta horrelako beste lau alerta-aurreko egoeran daude. Beste ezer baino lehen sorospen laguntzetarako dirua bidali da, premia handiko materialarekin batera (sukaldeko gauzak, ur-bidoiak, toldoak, estalkiak, mantak...). Horrekin batera, dirua batzeko hainbat bide zabaldu ditu: besteak beste, banku nagusietan dirua eman nahi dutenen ekarpenetarako kontu korrenteak zabaldu dituzte. Informazio gehiagorako 902 22 22 92 telefonora deitu daiteke edo, interneten, www.cruzroja.es helbidean sartu.
Lau eibartar
Bestalde, lurrikara gertatu zenean gutxienez EAEko 26 herritar, tartean lau eibartar zeudela baieztatu dute. Horietako 13 Annanpurna inguruan dabiltza, trekkinga egiten eta onik daude, han lurrikarak ez duelako ia kalterik eragin.