ANGELITA IBARRA: “100 urteak konturatu barik iritsi zaikit”

ANGELITA IBARRA: “100 urteak konturatu barik iritsi zaikit”
2012/03/09 00:00
eta kitto!

-Nola ospatu zenuen zure mendeurrena?
Egun zoragarria pasatu genuen, fenomeno! Eguna hasteko, meza eduki genuen San Andres Egoitzan 11.00etan. Jende asko etorri zen, normalean baino askoz ere gehiago, eta oso polita izan zen. Arratsaldean askari haundia egin genuen hemen. Denetarik egon zen, eta hemen barruan dagoen jendea eta kanpoan daudenak ere etorri ziren. Eibarren bizi diren lagun asko etorri zen hona eta guztira lagun asko batu ginen. Gero, zapatuan, bazkaria egin genuen Arrateko Kantabria jatetxean. 26 lagun batu ginen: auzoko lagunak, familiakoak, eta abar. Lehengusina baten alaba Tarragonatik etorri zen eguna nirekin ospatzera, Avilatik moja den lehengusina batek deitu egin zidan… Oso ondo jan genuen, den-dena gozoa zegoen. Egia esan ez genuen inolako festarik antolatu aurretik, baina dena oso ondo irten zen eta oso gustora egon ginen han.
-Nola sentitzen zara 100 urte beteta?
Gaztea (barreak), lehen baino gazteago.
-Orain ez duzu urteak atzera beteko bada!
(Barreak) Ez. Pentsatzen nuen tristura gehiago izango nuela egun hortan, baina ez.
-Tristura zergatik?
100 urte betetzeagatik, urte asko direlako.
-Zenbaki bat besterik ez da.
Bai, beste batzuk ez dira ailegatzen.
-Ondo zaudela ikusten da, osasuntsu.
Bai, gainera pozik nabil, nire urtebetetzean oso ondo pasatu nuen. Gero gerokoak. Egunak ditut… gero, adibidez, kartetan egingo dut lagunekin eta bihar (elkarrizketa martitzenean egin zen) Los Veracruz etorriko dira kontzertua ematera. Horrela ondo! 100 urte bete berri ditut eta konturatu barik iritsi zaizkit. Urteak pasatzen joan dira eta bapatean 100 urte bete ditudala konturatu naiz. 17 urterekin hasi nintzen lanean armen probalekuan.
-Zenbat denboran egin zenuen lan?
50 urte bete nituenean laga nuen. Lan egitea ez da asko, hangoa aguantatzea da okerrena.
-Eta ordutik, zer?
Urteak pilatu!
-Eta bizi ez?
Bai, bai. Hainbat bidaia ere egin izan dut Londresera, Erromara… Baina orain Paris eta horrelakoak ia etxean daukazgu.
-Non bizi izan zara urte hauetan?
Isasi kalean jaio nintzen eta gero Elgeta-Kalen bizi ginen. Dos de Mayora (Toribio Etxebarria gaur egun) joan ginen ondoren eta Arrate-Bidera azkenik. Eibar guztian zehar ibili naiz! Arrate-Biden 62 urtetan zehar bizi izan naiz.
-Herria asko aldatu da urteetan zehar, ezta?
Asko. Hemen parean (Ego-Gain eta Amaña artean) igerian ibiltzen zen jendea, pentsa.
-Zein da zure sekretua 100 urte betetzeko?
Ez daukat sekreturik.
-Eta orain beste 100?
(Barreak) Orain urteak banan-bana ospatzen joango naiz.