Antonio Cancelo (Gure Balioak 2015 Saria): “Zintzo jokatuta errentabilidadia hobetu leikiala siñisten dot”

Antonio Cancelo (Gure Balioak 2015 Saria): “Zintzo jokatuta errentabilidadia hobetu leikiala siñisten dot”
2015/10/29 00:00
eta kitto!

- Zuria moduko ibilbide luzia egin eta gero, zelako esanahixa dauka zuretako holako errekonozimenduak?
Neretako oso berezixa da, hain zuzen be Eibarren emotiagaittik. Urte asko emon nittuan bertan bizitzen eta, aillegau nintzan momentutik, beti maitatua eta lagunduta sentidu izan naiz. Lehen aukeriak hor eskindu jatazen eta, hórrek euki ezian, geruago izandako ibilbidia eziñezkua litzake. Kariño haundixakin gogoratzen dittut hárek urtiak, nere bizitzan gidari euki dittudan baloriak, egindakuari zentzua emon detsen baloriak orduantxe finkatu ziran eta. Intensidade haundiko bizipenak izan ziran, konpromisoz eta adiskidetasun sendoz betetakuak.

- Nola gogoratzen dittuzu gerora Eroski izatera aillegauko zanaren sorreria? Zuzendari kargua eta horretarako prestatzeko ikasketak, bixak batera egitten ibilli ziñan, ezta?
Ez nintzan historixa horren sorrerako protagonista izan, Juan XXIII Kooperatibaren zuzendaritza nere gain hartzia eskatu zestenerako legez osatuta eguan. Beraz, neri martxan ipintzia tokau jatan, hau da, aukeria zelakua izango zan diseñatzia, erosketak egittia, lantaldiak eratzia eta abar. Kooperatiba bat  kudeatzeko bihar diran ezagutzak ez nittuanez, jakin biharrekuak ikasteko estudixatzen hasi bihar izan neban, eta horretan beste lagun eibartar bat, Jose Antonio Mendicute erabakigarrixa izan zan. Hasieratik oso garbi nekan, jokaeria ezohikua izanda be, herri bakotxian kooperatiba bana ipintzeko ideia gainbeheran eguan eredu bateri erantzuten zetsala eta, beraz, merkatueri hobeto moldatzeko formula barrixak planteatzeko premiñia eguala, hortik etorri ziran lehen kooperatiben alkartzia eta Eroskiren jaixotza.

- Zergatik erabagi zenduan kooperatibaren ereduari eta ez beste bateri jarraitzia?
Berez gorago azaldu dotenak ekarri zestan, baina Teologixia, Filosofixia eta Soziologixa ikasteko lagunak alkartzen giñan taldian, TEFISO izenekuan, are konpromiso haundixagua eukiko eban eredu bat nahi genduan eta, kostau jakun buruan sartzia kooperatibena zala, askorengaittik, jomugatzat euki geinkian eredu sozialena.

- Orduan sasoian iñoiz pentsau zenduan egunen batian Eroski estatuko kooperatiba haundixena izatera aillegauko zanik?
Proiektu bateri ekiten jakonian ez da holako kontuetan pentsatzen. Halanda be, griñarekin biharrian jarduteko gogo pixka bat eukitta, eta horretarako gogua bagenkan, eta gure ezagutzak etenbarik hobetzen juateko biharrezkua zan ahalegiña egitteko prest egon ezkero, garatzeko aukerak asko zirala oso argi euki neban beti.

- Handik urte batzuetara kooperatibismuaren beste adibide inportantienetakua dan Mondragon Taldeko zuzendarixa be izan ziñan eta, gaiñera, epe horretan bihargin kopuruak gora egin eban nabarmen. Zeintzuk uste dozu dirala horrelako arrakasta lortzeko gakoak?
Proiektu baten parte diran lagun gehixenak potentzial haundixa dakela, nahi izanez gero euren buruak hobetzeko aukeria dakela eta helburu garrantzitsuak lortzeko gauza dirala, euren proiekziño personalari eta euren inguruari modu erabakigarrixan eraginda hórrek siñistaraztia lortzen danian, orduantxe aillegatzen da arrakastia. Ausartu egin bihar da gero, bildurrak gainditu, anbizio handiko helburuak planteatu, porrot egittiari bildurrik ez izan eta, gertatuz gero, hankasartziak umiltasunez eta ikasteko bide moduan hartzen jakin.

- Une latzak be ezagutu dittuzu. Zelan eragin detse azken krisixak kooperatiberi?
Bizitzan zihar momentu diferentiak izaten dira eta, parte hartzen dogun hori inguruan gertatzen diran aldaketeri moldatzen eta egokitzeko prest egon bihar dugu. Erabagixak atzeratzen badittugu, oso gogorrak diralako, proiektuak arriskuan ipiñi geinkez. Krisixa oso gogorra izan da eta bere eragiñak ez dau enpresa formulen artian bereizketarik egitten, kooperatiberi merkatuan daken posizionamenduaren arabera eragiñez. Edozelan be, kooperatibak orohar ondo erantzun dabela pentsatzen dot, nahiz eta proiektu oso garrantzitsu baten porrotak bestiak euki daben arrakastia tapauta laga.

- Enpresa munduan hasi ziñala urte asko pasau dira. Gaur egunian atzera be hastia tokau ezkero, kooperatiben aldeko apustua egingo zenduan barriro? Gaur egunian mundu maillako merkatua zelakua dan ikusitta, oindiok be eredu bideragarrixa eta konpetitibua dala pentsatzen dozu?
Horretan ez dakat zalantzarik. Ni kooperatibetan sartziak neurri haundi batian egoeriak berak baldintzatu eban arren, elkarte horrek defenditzen dittuen baloriak, eta ez bakarrik ikuspegi teorikotik, nik neuk bizitzari buruz dakaten ikuspegixarekin bat datoz. Baiña argi dago beste edozein enpresak lez, kooperatibiak be hainbat kontu moldatu biharko leukiazela, behintzat gobernantzaren esparruaren barruan, zuzendaritza batzordian sartzen diraneri aurretik eskaeriak planteauta. Baleike, famelixa-enpresak egindakuaren bidiari jarraittuta, kanpoko aholkularixak gehitzeko moduko erabagixak aginte organuen indartzia ekartzia. Ezagutza teknikuak eta kooperatiben munduan oiñarrizkua dan kudeaketa demokratikua, gauza bixak uztartzeko gauza diran zuzendarixak topatzia be da bape erreza. Eredua bideragarrixa izatiaz gain, oso positibuak diran bereizgarrixak be badakaz. Eta hórretako ezaugarri batzuk, gaiñera, kapital alkartiak imitatzen ahalegintzen dira.

- Epai-mahaixak bereziki azpimarratutakuen artian, "beste enpresa eredu baten adierazgarrixa, etekiñak, merkatua, eraginkortasuna eta antolamendu egokixa alkartasunarekin eta ardurak partekatziarekin lehian ez daguazela eta lankidetza, zintzotasuna, apaltasuna, ahalegiña eta nekaezintasuna errentagarritasun ekonomikuarekin eta, batez be, sozialarekin bateragarrixak dirala" aitortu detsuz. Gaur egun ezagutzen dogun enpresa munduan holako baloriendako tokirik geratzen da?
Epai-mahaikidiak oso atsegiñak izan dira gehixago edo gitxiago asmatuta praktikan ipintzen ahalegindu naizen baloriok nigan topatzian. Bene-benetan siñisten dot aittatzen diran balorik errentabilidade ekonomikuarekin bateragarrixak dirala. Are gehixago, jokabidietan zintzua izanda errentabilidadia hobetu leikiala pentsatzen dot. Baleike bizitzen dihardugun hau alderdi horrendako sasoirik egokixena ez izatia, baiña ez dogu ahaztu bihar iragana ez zala hobia izan. Izan be, jokabide lizun eta zikiñak gertatu gertatu arren, orduan ez ziran ezagutzera emoten.

- Gaur egunian aholkulari eta hizlari zabiz. Enpresarixo izan nahi dabenendako aholkurik badaukazu?
Beste ezer baiño lehen, enpresarixuaren zeregiña alkarte baten ongizaterako erabakigarrixa dala esan biharra dago. Hortaz, enpresa proiektu bat hastia bizitza bateri zentzua emon leikixon abentura politta da. Baiña hasi bihar daben proiektua bere bizitza lehentasunetan kokatzeko edo sakrifiziorako prest ez daguana ez litzake ahalegindu bihar. Izan be, fruitua, iñoiz fruiturik bada, erein eta oso denpora luzera jasotzen dalako.

SOSLAIA
Antonio Cancelo Puebla de Sanabria, Zamorako herri txiki batian jaixo zan 1936xan. ATS ikasketak egin eta horretan jardun eban denpora batian. 60. hamarkadaren hasieran gurasuekin Eibarrera etorri zan. Kezka sozial, erlijioso eta kulturalak zittuan gazte talde batekin bat egin, asmo sozialak zittuen hainbat enpresa-ekimenetan interesa agertu eta, holan, Juan XXIII konsumo kooperatibaren sorreran parte hartu eban. Kooperatiba hori izan zan 1969xan sortu zan Eroskiren abiapuntua. 25 urtian zuzendu eban Eroski, 1990. urtera arte. Urte berian Eroski Taldeko presidente izendatu eben. 1992xan, Mondragon Taldeko Banaketa eta Elikadura Dibisiñoko presidenteorde izan zan eta 1995ian MCC Taldeko Kontseillu Orokorreko presidente. Biharrian pasau zittuan azken urtietan Mondragon Taldeko presidente izan zan eta karguan emon zittuan 6 urtietan loraldixa ezagutu eban taldiak, 28.000 lanpostu izatetik 60.000 izatera pasauta. Gaur egunian enpresa-aholkularixa da, hitzaldixak eskintzen dittu eta hainbat argitalpenendako artikuluak be idazten dittu.