Beinat, Mikel & Jose Angel (Ez Dok taberna):

Beinat, Mikel & Jose Angel (Ez Dok taberna):
2014/01/16 00:00
eta kitto!

- Nolatan animatu zarete tabernan astero kontzertuak antolatzen?
Egia esateko, taberna hartzera animatzeko orduan musikak zeresan handia izan zuen. Hirurok musika maite dugu eta hasieratik garbi ikusi genuen arlo horretan herrian zegoen nolabaiteko hutsunea bete nahi genuela. Horregatik, gaur egun merkatuan dagoen musikatik piska bat aldenduta, rock zein bestelako erritmoak eskaintzeko kontzertuak antolatzen hasi ginen, musika gustoko duen jende guztiarentzat emanaldiak eskaintzen. Moduren batean azaltzeko, guri aurkitzea gustatuko litzaiguken moduko taberna egin dugu.

- Eta jendeak ondo erantzun du?
Bai, oso ondo. Kontzertu egunetan beti etortzen da besteetan baino jende gehiago, batzuk kanpotik ere etortzen dira. Jendeak pozik hartzen du betiko aukeretatik kanpora, bestelako eskaintza aurkitzea. Askok benetan eskertzen dute.

- Zaila da asteburuero tabernan joko duen taldeekin kontaktuan ipini eta kontzertuak antolatzea?
Hemen izan diren taldeetakoek esanda edo internet bidez zein bestela, kontzertuak antolatzen ditugula zabaltzen joan den neurrian, agenda bete egin zaigu, talde mordoak idatzi edo deitu digu kontzertua emateko interesa dutela esateko. Benetan eskaera handia dago. Gainera, jo duten taldeak oso pozik daude.

- Sarrera doan izanda, zer moduz egiten diezue kontzertuen gastuei?
Piska bat arriskatu beharra dago, baina orain arte jendeak ondo erantzun du eta, beraz, aurrera egiteko moduan gaude.

- Honezkero egutegi modukoa finkatuta daukazue, ezta?
Bai, zapatuero talderen batek zuzenean kontzertua ematen du eta, horrez gain, hilero lehen barixakuan Jam Session delakoa antolatzen dugu. Azken honetan, guk jotzeko tokia eta instrumentuak ipintzen ditugu eta jotzera animatzen denak horretarako aukera dauka. Aldez aurretik bakoitzak zer jo nahi duen-eta esateko aukera dago Facebook-en Ez Dok Jam Sessions talde irekian.