Esther Fernández de Maruri, margolaria: “Margolaritzak xarma handia dauka, koadroak eskaintzen dizuna”

Esther Fernández de Maruri, margolaria: “Margolaritzak xarma handia dauka, koadroak eskaintzen dizuna”
2017/11/10 12:07
eta kitto!
Esther Fernández de Maruriren margolanak jasoko ditu Topalekuak hilaren 19ra arte (astegunetan 19:00etik 21:00era, eta zapatu eta jaiegunetan 12:00etik 14:00era eta 19:00etik 21:00era). Margolari eibartarrak mimo handiz prestatu du erakusketa eta hainbat zeramika lan gehitu dizkio bere estiloa duen margolan bildumari edo, berak dioen bezala, “Maruri estiloa” duten lanei.

 

-Nolako lanak jarri dituzu ikusgai erakusketan?

Iaztik nabil erakusketa prestatzen. Batetik, nire margolanak daude, Maruri estilokoak. Durangoko lehiaketan behin esan zidaten nire estiloa aspaldikoa zela. Ez dakit, nire estiloa nirea da, berezkoa. Erakusketako margolan gehienak aurtengoak dira, baina badaude iazko batzuk eta 90. hamarkada baino lehenagoko baten bat ere. Bestetik, hainbat zeramika-lan ere ekarri ditut. Orain dela hiru urte hasi nintzen nire etxean zeramika lantzen, buztinarekin eta labe txiki batekin, eta figura txikiak egiten ditut bertan. Asko gustatzen zait zeramika egitea, buztina oratzea eta formak egitea. Asko kostatzen da aurpegiak egitea, baina polita da.

-Noiz hasi zinen margolaritzan?

Lucas Alberdirekin ikasi nuen 1961ean. Erretratuak egiten irakatsi zidan eta beti erretratuak egiten aritu naiz. Gero, bestelako lanak ere egin ditut. Zerbait gustatzen bazait, argazkia atera eta hortik abiatuta nire erara egiten dut margolana. Estudioa daukat etxean eta horrek malgutasuna ematen dit sortzeko orduan. Koadroa prestatzen nabilenean gustatzen zaidala ikusten badut, margotzen hasten naiz. Lehenik marrazkia egiten dut, lehen eskua ematen diot gero eta hor ikusten duzu koadroa, eta gustatzen zaizu edo ez. Erakusketa honetarako, adibidez, pare bat koadro lan geratu dira, gero borratzeko.

-Hasi zinenetik estiloa aldatu duzu?

Estiloa aldatu dudala diote. 90. hamarkadan koadro bat erosi zidan emakume bat etorri da erakusketara eta aldatu dudala esan dit. Aipatu zidanez, nire koadroa ikusten duen bakoitzean are gehiago gustatzen zaio. Egia esan aspertu egiten naiz beti berdina egiteaz, beraz, aldatu egiten dut. Irteten zaidan modura egiten ditut lanak. Margolaritzak xarma handia dauka. Mihisearen aurrean jartzea, margotzen hastea, koadroarekin haserretzea... ederra da.

-Lehiaketatan parte hartu izan duzu ala plazer hutsagatik margotzen duzu?

Orain ez naiz aritzen aire libreko lehiaketetan, baina orain dela hainbat urte Espinosa de los Monterosekoa (Burgos) irabazi nuen. Gero, beste hainbat sari ere irabazi ditut. Gustatzen zaidalako margotzen dut, baina beti da gozagarria zure lanak esker ona edukitzea.