IMANOL ABAD: “Marka gehienek, publizitatearekin, tontotzat tratatzen gaituzte”

IMANOL ABAD: “Marka gehienek, publizitatearekin, tontotzat tratatzen gaituzte”
2012/05/07 00:00
eta kitto!

-Nola eta noiz sortu zen Breaking Molds?
Kasualitate puntua izan zuen. Mikel eta biok Trourist izeneko proiektu batekin hasi genuen gure enpresa-abentura, non oso ondo landu genuen gure webgunearen ezagutzera ematea, marka bat sortzeko egin beharrekoa, eta abar. Esperientzia hartatik, eta planeatu barik, hainbat enpresatatik deitu ziguten euren komunikazio ahaleginetarako laguntza eskatzen. Egun batean, nola izan zen ondo jakin barik, konturatu ginen gure denboraren %100a jarduera horri eskaintzen geniola.
-Trourist aipatu duzu. Zertan datza?
Webgune bat da, non mundu guztiko bidaiariek toki bakoitzeko benetako esperientziak elkarbanatzen duten. Ez liburuxka turistikoetan azaltzen dena, baizik eta gure hiria bisitatzen duen lagun bat eramango genukeen tokiak.
-Zeintzuk dira Breaking Moldsek apurtu nahi dituzuen moldeak?
Marka gehienek, euren publizitatearekin, tontotzat tratatzen gaituzte, eta egunero jasotzen ditugun albistean negatiboak izaten dira orokorrean: langabezia zifra errekorrean, murrizketak, kaleratzeak… Testuinguru honetan, guk uste dugu komunikazio agentziek entretenitzeko, dibertitzeko, harritzeko, emozionatzeko… betebeharra dugula. Horrela, gure bezeroen markak interesgarriago egingo ditugu, baina, gainera, gure ingurua hobetu dezakegu.
-Nolako proiektuak garatu dituzue?
Markak sortu ditugu, webguneak diseinatu, bideoak errealizatu edota street marketing ekintzak asmatu; baina marketing helburuez gain, bizi dugun ingurua hobetzeko kanpainez sentitzen gara harroago. Adibidez, eldiariotomorrow.com: mundua aldatu nahi dutenen egunkaria. Mezu optimista igortzeko Deustuko Unibertsitatearentzat egiten dihardugun kanpaina da, gazteei hedabideetan azaltzen diren berri negatiboak modu positiboan berridazteko aukera ematen diegularik.
-Zein da zure rola Breaking Moldsen?
Hain enpresa txikian, lau lagun izanik, denetarik egitea tokatzen zaizu. Egia da, hala ere, denbora gehiago pasatzen dudala kanpainen ideiagintza-fasean, hauen gauzatze-fasean baino.
-Nola da ekintzailea gaztea izate hori? Buruan beti izan duzun zerbait izan da? Bapatean sortutako zerbait?
Ekintzaile gaztea izateak lan asko egitea, lo gutxi egitea eta betiko zalantzan bizitzea dakar berarekin; baina maite duzun hortan lan egitean disfrutatzea, egunero erronka bati aurre egitea, proiektu propioak garatzean poztea, eta zure denbora eta energiaren jabe izatea ere adierazten du. Nahi izan dudalako aukeratutako bidea da eta ez nuke aldatuko. Ipintzen nauena da.