MARISOL GUISASOLA: “Dietekin ez da sufritu behar: aukeratzen jakitearekin nahikoa da”

MARISOL GUISASOLA: “Dietekin ez da sufritu behar: aukeratzen jakitearekin nahikoa da”
2012/03/23 00:00
eta kitto!

-‘La dieta holística’ izeneko liburua argitaratu duzu. Zertan datza? Zer proposatzen du?
Urte asko daramatzat osasuna eta elikadurari buruz idazten. Txikitatik gustatu zait gaia, Txoko tabernakoen alaba naizelako, ama irakurle amorratua zelako eta elikadurari buruz berba asko egiten zigulako. Nutrizioarekin zerikusia duen zientziaren gaineko informazioa buru-belarri jarraitu dut. Ez naiz hainbeste interesatu nola argaldu daitekeen kontuaz, baizik eta zergatik argaltzen dugun, fisiologiaren atzean zer dagoen, nutrizio eta obesitatearen gainean egindako ikerketetan… laburbilduz, ondo eta osasuntsu jatearen gainean. Horren inguruan argitaratzen den guztia irakurri eta nutrizioa ikertzen den unibertsitate garrantzitsuenak jarraitzen ditudanez, elikadurari buruzko ikerketa puntakoenak batu eta ondo jateko moduari buruz idatzi nahi nuen, ‘mirari dietetatik’ at. Liburua irakurtzean informazio zehatza, oinarri zientifikoduna, serioa eta puntakoa jasotzea zen nire asmoa. Nafarroako Unibertsitateko Klinikarekin (CUN) harremana nuenez (euretariko asko elkarrizketatu eta aspaldi ezagutzen nautelako), liburua bermatu dute, kazetari batek idatzitako liburu bezala izan zitekeen sinesgarritasun urriari balioa emateko. Javier Salvador doktorea, klinikako Endokrinologia eta Nutrizio Gunearen burua, Espainiako Endokrinologia eta Nutrizio Elkarteko presidentea da gaur egun; eta Gema Frühbeck Europako Obesitate Elkarteko presidentea da. Liburua bermatu duten erreferente garrantzitsuak dira biak. Urte askotako kazetaritza-lana da liburua eta zehatza izaten saiatu naiz. Ez da ale asko saltzeko pentsatutako liburua, ahalegin pertsonala baizik, “hainbeste urteren ostean hau da esan nahi dudana” bezela.
-‘Mirari dietek’ markatzen duten ildo ezberdina jarraitzen du liburak. Zein iritzi duzu ‘mirari dieten’ gainean?
Ez dute inongo oinarri zietifikorik. Alderantziz, osasunarentzat kaltegarriak dira. Nire teoria da gizakia planetaren urte askotako eboluzioaren ondorioa dela, naturaren seme-alabak garela eta naturaren legeak errespetatuz bizi behar garela. Dieta ez da izan behar “argaltzeko hau egin behar dut”, elikaduraren gainean hartutako erabaki eta gure bizimoduek naturak eskatzen dituen arauak jarraitu behar dituzte. Adibidez, ariketa fisikoa, gizakia mugitzeko eginda dagoelako eta ez geldirik egoteko; gizakia ahalik eta produktu naturalenak jateko eginda dago, gutxien prozesatutako elikagaiak eta modu arrazionalean. Zentzua berreskuratu beharko genuke.
-Produktu naturalenak jatea komeni dela diozu, baina zenbatean dago hori kontsumitzaileen eskuetan?
Maila handian dagoela pentsatzen dut. Gauetan telebista ikusteko jarri, eta ‘zabor-jan’ eta snack-ez inguratu naiteke; edo sagar xehatua, intxaurrak, gazta freskoa eta ardo kopatxo bat hartu dezaket (bat, ez hiru). Bigarren aukera hau naturalagoa da, sagarrak gure zelulak babesteko naturak sortutako konposatu ugari dituelako (fibrak, bitaminak, antioxidatzaileak…), intxaurrek garuna babesten duten Omega3-a daukatelako, ardo kopatxoa kardio-osasungarria delako eta gazta freskoak proteina-giharrak dituelako. Gure geneak milioika urteetan zehar ohitu diren elikagaiak dira azken hauek eta norberaren aukera da pizza edo horrelakoak jatea, edo sagar, intxaurra edo gazta freskoa. Gaur egun litxarrikeria asko jaten ditugu momentu askotan, potolotu egiten gara, gero argaldu nahi dugu eta jan barik sufritzen dugu. Nik proposatzen dudana da beti modu atseginean jatea, jaten duguna aukeratzen jakinda, zentzudunak izanik eta naturara hurbilduz. Ez da sufritu behar, aukeratzen jakin behar da.
-Pisua galdu gosea pasatu barik.
Hori da esan berri dudana. Ez da obsesiboa izan behar elikadura kontuekin, baina nik janariaz disfrutatzen dut, ahalik eta osasuntsuen jaten saiatzen naiz, eta egunen batean pizza zati baten jaten badut ere, ez dut osasuntsua ez dena arau bihurtzen.
-Zein elikagai sahiestu behar dira eta zeintzuk dira ezinbestekoak?
Gizakia milioika urteetan zehar egon da planetan eta inoiz ez duena kontsumitu dira irin finduak, koipe eraldatuak, ez da ordenagailuaren aurrean orduak jarrita egon, ez ditu gose-dietak egin eta ondoren janari asko irentsi… Arraina oso egokia da, oliba olioa kantitate egokietan ere, baita fruitu lehorrak, barazkiak, fruituak, lekaleak… landareak elikagai babeslez josiak daude, eta gero eta gehiago babesten baditugu eta naturalagoak badira, guretzat hobeto.
-Bizimodua aipatu duzu. Gaur egunean dena presaka doala ematen du, estresa dagoela…
Bai, baina alperrak ere bagara. Berehala aurkitzen dugu zurigarria. “Presa askorekin bizi naiz”, bai, baina korrika eta presaka goaz etxera eta gero hiru orduz etzanda gaude han. Askok diote etxera nekatuta heltzen direla eta pizza bat eskatzen dutela ezer egitearren. Ba barazkiak presio-eltzean sartzen badituzu, 10 minututan prest egongo dira eta osasuntsuago jango duzu. Ikerketek diote telebista edo ordenagailuaren aurrean jaten dutenek fruitu, barazki, arrain… gutxiago jaten dutela eta, gainera, kaloria gutxiago erretzen dituztela. Zergatik ez dugu bueltatxo bat ematen afaldu aurretik? Gizakiak ezin du bere izaera aldatu; mugitzeko eginda gaude, lokomozio-sistema daukagulako.
-Beraz, janaria zaintzeaz gain, beste gai batzuk ere kontuan hartu behar dira.
Bai. Giza-harremanak, adibidez. Kontaktua izatea beharrezkoa da gizakien artean, eguzkia hartzea (ikusi delako eguzkiatik urruntzea ez dela osasuntsua, ez duzulako D bitamina jasotzen. Honekin ez dut esan nahi hilabetez musker baten antzera eguzkia hartzea, baizik eta egunero aire zabalean ibiltzea, modu naturalean), eta abar.
-Zure kasuan gastronomiarenganako pasioa nondik datorkizun argi dagoela ematen du.
Aitxitxa Benito eta amama Pilarrek Ezkerra jatetxea zeukaten Ibarkurutze kalean, apala zena. Aitak, gero, Txoko taberna eduki zuen, osaba batek Gautxori, beste batek Ezkerra, eta ahizpak Barrenetxe gozotegia. Eskolatik etxera nindoanean sukaldean lagundu behar nuen eta horrela hazi nintzen. Ama, bestetik, irakurle amorratua eta oso adimentsua izan da, eta betidanik irakatsi zigun jakintzarekiko pasioa. Orduan, elikagai bat ikustean beti pentsatzen nuen ea zerk osatzen zuen.
-Hilaren 28an ‘Bizitza 50 urterekin hasi daiteke’ hitzaldia eskainiko duzu. Nolakoa izango da?
Espainiak munduko biziraupen tasa altuenetarikoa dauka, emakumeak batazbeste 85 urtez bizi dira eta uste dut Gipuzkoan dagoela bizi-itxaropen altuena. Gainera, irakurri nuen Eibarren ere oso altua zela. Hala ere, garrantzitsuena ez da urteak betetzea, hori osasuntsu egitea baizik. Hau da, bizitzaren amaierara zure bizitza azken momentura arte biziz heltzea. Ikerketa batek azaltzen du, normalean urte asko bizi direnak euren bizitzaren azken urteetan biltzen dituztela gaixotasunak. Hori zoragarria da. Horietariko askok bizitza zoriontsua izan eta bizitzaz gozatu dutelako, zainduz, dieta eta halakorik egin barik, modu naturalean biziz. Horren gainean egingo dut berba.